Otsemearen haginkada

Diane di Prima idazlea (argazkia: James Oliver Mitchell).

"Emakumeak egon ziren, han zeuden, nik ezagutu nituen, baina haien familiek eroetxeetan giltzaperatzen zituzten, elektroshock-ak ezartzen zizkieten. 50eko hamarkadan, gizona bazinen, errebelde izan zintezkeen, baina emakumea bazinen zure familiak giltzapetzen zintuen. Izan ziren kasu batzuk, eta nik ezagutu nituen. Egunen batean norbaitek haietaz idatziko du”.
Gregory Corso, beat idazlea
1994. urtean

Jakina, Allen Ginsbergen uluetatik, Jack Kerouacen errepideetatik eta William S. Burroughsen jonki eta maritxuez harago, makina bat emakume idazlek parte hartu zuten 50eko hamarkadan AEBetan loratutako beat belaunaldian edo beat literatur mugimenduan. Halere, ez zuten gizonezko kideen lanen halako ikusgarritasunik lortu.

Emakume ezezagun horien lagin handi bat gaztelaniara eta frantsesera ekarri zuen Palma Mallorcako Annalisa Marí Pegrum itzultzaileak Beat Attitude (Beat Jarrera) liburuan, zeina beat belaunaldiko emakume poeten antologia azpitituluarekin plazaratu zen 2018an –Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak antologia horretan bildutako artisten biografiak eta zenbait olerki bildu zituen Pop Pilulak fanzinearen 6. zenbakian, www.booktegi.eus plataforman eskura daitekeena–.

Denise Levertov, Elise Cowen, Joane Kyger, Hettie Jones edo Ruth Weiss dira liburu horretan jasotako emakumezko beat idazleak. Horietatik, baina, Diane di Prima nabarmentzen da. Poeta, prosa idazlea, artista eta irakaslea, 2020ko urrian zendu zen 86 urte zituela Kaliforniako San Frantzisko hiriko ospitale batean. Di Prima sortzaile polifazetikoa zen, hainbat esparru menderatzen baitzituen, hala nola, alkimia, magia, hinduismoa, gnostizismoa, tantra, filosofia esoterikoak eta budismoa. Aitzindaria izan zen emakumeei lotutako askotariko gaiei buruz idazten, tartean, hilekoa, abortua eta bisexualitatea.

'Beat' belaunaldiko gizonezko idazleek itzalpean utzi izan dituzte mugimendu hartako emakumeak. Zorionez, haien lana berreskuratzen ari da pixkanaka, tartean Diane di Primarena

Heriotza iritsi zitzaion arte, Annalisa Marí Pegrum itzultzailearekin aritu zen bere antologia poetikoa lantzen, eta horren emaitza da Quita tu cuello degollado de mi cuchillo (Kendu ezazu zure lepo moztua nire labanatik). Ingelesez eta gaztelaniaz ondutako bilduma elebidun horretan Brass furnace going out: Song, after an abortion (Itzaltzen ari den letoizko berogailua: Abestia, abortu baten ondotik) biltzen da. Abortatzea legez kanpoko jarduna zenean idatzi zuen di Primak, 1960an, eta autorearen baimenik gabe argitaratu zen 1975ean. AEBetako eskuinak borondatezko abortuaren aurkako kanpainetan erabili zuen. Hori dela eta, autoreari mesfidantza handia eragin zion, eta, ondorioz, ez zuen baimenik ematen argitaratzeko, emakume idazleen literaturan espezializatutako Torremozas argitaratzaileak antologia elebiduna plazaratu duen arte.

Antologia horretaz gainera, Las Afueras argitaletxeak Memoirs of a Beatnik (Beatnik baten oroitzapenak) berrargitaratu du gaztelaniaz. Seguruenik bere obrarik ezagunena da AEBetatik kanpo. Prosaz idatzia, 1969an plazaratutako eta enkarguz egindako biografia faltsua da. New Yorkeko Manhattan auzoko beat mugimenduaren hastapenak kontatzen dituen “pulp nobela pornografikoa” da, garaiko giro libertinoan editoreek eskatzen zuten sexu uholde nahiari erantzuten diona: “Sexu gehiago”. Di Primak bere komunako kideen sabelak jakiz eta birikiak kez betetzeko idatzi zuen Kalifornian.

Atzerantz hegaldatzen

50eko hamarkadan, di Prima New York hiriko Lower East Side auzoan bizi izan zen, eta hiriko kaleak zapaldu eta berehala, bizitza bohemioan murgildu zen. Aberastasun materialetatik urrundu zen, eta musikari, aktore, dantzari eta pintoreak ezagutzen xahutu zuen bere denbora. Esaterako, 1955. urtean Ezra Pound poeta eta idazlearekin gutunak trukatzen hasi zen, eta ospitale psikiatrikoan igaro zituen hamabi urteetan ere sarri bisitatu zuen. Horrekin batera, jazz musika asko entzun eta barneratu zuen, bere idazkerari jazzaren lengoaia txertatzeko asmoz. “Jazza guretzat momentuko arterik garrantzitsuena zen”, dio Memoirs of a Beatnik liburuan, jarraian Bird-en (Charlie Parker) dohainak goraipatzeko: “Gure ordezkari nagusiak saxoarekin eta tronpetarekin hitz egiten zuen”.

Sasoi horretan Allen Ginsberg poetaren Ulua irakurri zuen estreinakoz. Identifikazioa berehalakoa izan zen, Di Prima antzeko estiloaren atzetik baitzebilen: kaleko hizkera erabiltzen zuen poesia, modernoa, hipster-a, eta cool jarrerarekin sortua.

Jarrera horrekin idatzitako obretan norberaren emozioak eta epaiak baztertzen ziren; beraz, eginkizun domestikoek edo haurren hazkuntzak ez zuten lekurik. Hartara, gizonak errazago iristen ziren cool-tasunera. Horren harira, oso entzutetsua da Jack Kerouac-ek parranda toxiko batean di Primari bota zizkionak festatik joan zenean umezaina ordezkatzeko: “Di Prima, ez zara sekula idazlea izango, zure umezaina ahaztea lortzen ez baduzu”.

Di Primaren estilo-markak: berbeta kaletarra, puntuaziorik eza, interjekzioak eta berba berriak sortzeko laburdurak eta hitzen elkartzea

Horiek horrela, Di Primaren garai horretako obrak beat giroan sortutakoak dira, eta This Kind of Bird Flies Backward da ospetsuena: 1958an argitaratu zen, baina 1953tik aurrera idatzitako poemak biltzen ditu. Berbeta kaletarraz gainera, bere estilo poetikoan bestelako elementuak nabarmendu ziren, puntuaziorik eza, interjekzioak eta berba berriak sortzeko laburdurak eta hitzen elkartzea, kasu.

1960an, beat mugimenduari eta afroamerikarren eskubideei lotutako LeRoi Jones (Amiri Baraka) idazlearekin maitemindu zen, bai eta haurdun geratu ere birritan. Lehenengo haurra galdu egin zuen, Jonesen presiopean, baina bigarrenaz erditu zen, Dominique. Di Primak urte horretan idatzi zuen Brass furnace going out: Song, after an abortion olerki luzea. Annalisa Marí Pegrum itzultzaile eta adituaren arabera, “abortatu berri duen umearen bizitzarekiko aienea da, baina baita bizitzako aukera galduekikoa ere”. Erruduntasuna, frustrazioa, tristura, beldurra, haserrea eta onarpena ageri dira.

“flasko batean sartu nahi zaitut zure aitari bidaltzeko
ohar luze saminarekin. Nahi dut jakin dezala 
ez dizuedala barkatu, ez zuri ez berari ez zarelako jaio”

Idazle ez ezik, di Prima editore ere aritu zen The Floating Bear aldizkarian, LeRoi Jonesekin batera: poeta esperimentalen eta gazteen lanak biltzen zituen, eta 1961tik 1971ra iraun zuen. Argitalpena ez zegoen salgai, FBIren jazarpena saihesteko: halere, di Prima eta Jones espetxeratuak izan ziren 1961an “lizunkeria” leporatuta, agerkarian publikatutako William S. Burroughsen idatzi batzuk tarteko.

Eguzki iraultzailea

1968an Kaliforniako San Frantzisko hirian finkatu zen, bertako kontrakulturan murgiltzeko asmoz. Idazlearen hitzetan, “poetak, Diggers-ak, Pantera Beltzak, Zen ikasleak, aitzindariak eta iraultzaileak, hiri honetan 1968an puri-purian zegoen esperimentu basati eta itxaropentsuan”. Di Primak, hain justu, Diggers mugimenduan parte hartu zuen, kale antzerkiko aktibistaz eta aktorez osatutako ekintza komunitarioko talde erradikalean, zeinak Haight-Ashbury auzoan jarduten zuen.

2014an argitaratu zuen di Primak azken poesia liburua: 'The Poetry Deal'

Giro aldarrikatzaile eta eraldatzaile horren itzalpean, Revolutionary Letters (Gutun iraultzaileak) poemak plazaratu zituen 1971n, Lawrence Farlinghetti-ren City Lights City Poets argitaletxearen bidez: bat-bateko testuak dira, kalean irakurtzeko sortuak, teatro kaletarraren erara.

Urtebete geroago, Grant Fischer poetarekin ezkondu zen; urtebete lehenago, bere bosgarren haurra izan zuen harekin. Orduan amaitu zuen Loba (Otsemea) liburu epikoa. Hamarkadak eman zituen obra hori zuzentzen, osatzen eta zabaltzen, idatzi jarraitu baten antzera. Feminitateari buruzko errepresentazioa jorratzen du, hala literaturan nola erlijioan, eta izenburua AEBetako natiboengandik hartu zuen, emakumea jainkosa otseme gisa irudikatzeko helburuarekin.

“Eta Otsemea ehizatuko duzue? 
Inozook, zer erabiliko duzue, 
lantza, arpoia edo gezia, pistola
edo boomeranga?
Harrapatu dezakezuela uste duzue, 
maitasunaren sareetan? 
Hark zamalkatzen du 
ilgora baltsa baten legez 
zeruaren korronte ekaiztsuan
Harentzat arrantzatuko duzue? Espero duzue 
haren berokiarekin berotzea 
datorren neguan?”

Hartara, giro kontrakultural horren irakinaldian, di Primak beat estiloa abandonatu zuen neurri handi batean, bai eta etiketa hori gainditu ere, ibilbide luzeegia eta oparoegia egin baitzuen beat zigilura mugatzeko –gogoratu hainbat diziplina menderatzen zituela, alkimiatik hindusimora–. 2014an plazaratu zuen bere azken poesia bilduma, The Poetry Deal (Akordio Poetikoa); bertan, hain zuzen, Keep the Beat (Mantendu beat-a) olerkia jaso zuen, beat-a gizonezko idazleen klub bat edo literatur joera bat baino, gogo-aldarte bat dela aldarrikatzeko:

“ez da 'Belaunaldi' bat
Uler ezazu-
           aldarte bat da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-07 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
“Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean”

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


2022-06-08 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Idoia Santamaria, itzultzailea
‘Austerlitz’, memoriaren korronte ezkutuak

Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]


Boris Pahor hil da, holokausto nazia gordintasunez kontatu zuen idazle esloveniarra

Esloveniako literaturak azken mendea begien aurretik pasatzen ikusi duen idazlea galdu du. Boris Pahor 108 urterekin zendu da astelehen honetan Triesten.


Ia 80 urtez desagertuta egon den Louis-Ferdinand Célineren nobela bat argitaratu dute

Mundua dardarka jarri duen gerra baten lekuko garen une honetan, joan den mendeko lehen gerra handian girotutako nobela bat publikatu da ostegun honetan Frantziako Estatuan. Eta ez edozein nobela: 78 urtez “desagertuta” egon ondoren iaz berreskuratu ziren... [+]


Emakume idazleak XX. mendeko Italian
Alda Merini: harriduraz begiratzeko ahalmena

Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).


Venezia baino zerbait gehiago, Joseph Brodskyren bitartez

Aste honetan aurkeztu da Joseph Brodskyk idatzitako Ur marka. Veneziari buruzko saiakera. Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzuli eta Katakrak argitaletxeak publikatu du poeta errusiar atzerriratuari euskarara itzuli zaion lehen liburua.


Sebalden 'Austerlitz' euskaraz
Esanezina den hori nola konta daitekeen

Gauza garrantzitsua gertatu da astelehen honetan literatura euskaraz irakurtzea atsegin dutenentzat: W. G. Sebalden Austerlitz argitaratu du Igela argitaletxeak. Idoia Santamariak egindako itzulpenari esker, idazle alemaniarraren obrarik ezagunena nobedadeen artean aurkituko du... [+]


Maryse Condé, haurtzaroaren negarrak eta irriak

Asteazken honetan aurkeztuko dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru lan berriak, tartean Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (ene haurtzaroko istorio egiazkoak). Joxe Mari Berasategik euskaratua, idazle guadalupearraren obra... [+]


2020-11-19 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


‘Neskamearen ipuina’: beste ezinbesteko distopia bat euskaratu du Txalapartak

Ingelesez idatzitako literatura distopikoaren hiru obra nagusiak euskaratu ondoren, Tafallako argitaletxeak beste kolpe bat eman du liburu-dendako apalategian Margaret Atwooden Neskamearen ipuina argitaratuz, Zigor Garrok itzulita.


Eguneraketa berriak daude