Ostatu batek eskaini ditzake aukera anitz

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Larzabaleko (Oztibarre, Behe Nafarroa) Espelletenia ostatuan kafe bat hartuz hemendik aurrera ARGIA irakurtzeko aukera izango duzu, Oztibarre inguruan bazabiltza, irakurle. Ostatua, jatetxea eta hotela dituen eraikin eder honek baditu nagusi berriak eta ibarreko dinamikentzat tresna moduan baliatu nahi dute. ARGIAko komunitatearen parte izatea proposatu digute eta, noski, pozez hartu dugu eskaera.

Maialen Karrikondo eta Jeremi Larronde dira ostatua martxan jarri dutenak, baina Karrikondok badu leku honekin lotura familiaz. 1966an erosi zuten bere aiton-amonek lehendik ere ostatu zena eta erretreta hartu arte aritu ziren lanean. Ondotik, jarraipenik ez inguruan eta saldu egin zuten, orain bilobak bere egin duen arte. “Kudeaketaren erritmoa hartzen ari gara oraindik”, dio bikote gazteak, baina buruan badituzte hamaika ideia bailarari eskaintzeko.

Oztibarreri eman nahi diote bizia, hori dute helburu. Bertan lan eta bizi. Eta espazioak ematen du horretarako. Uztartu nahi dituzte ostatua eta laborantza, atarian duten lur zatia aprobetxatuz, eta barnean epe labur edo ertainean antolatu nahi dituzte animazioak: hitzaldiak, kontzertuak… baliatuz jatetxeak dituen gela ezberdinak. Ibarreko jendeak proiektua haien eskuetan hartzea nahi lukete, baita ere, beraien bilkuretarako edo azpiegitura bezala. Liburutegi bat prestatzeko asmoa ere badute, hau izango da hurrengo pausoa. Dagoeneko otorduak eskaintzen dituzte, gelak alokatzen eta edariak zerbitzatzen.

Euskarak ere badu leku polit bat Espelletenian eta euskal prentsarekin eman nahi diote ikusgarritasuna ostatuan. Astero jasoko dute ARGIAren zenbaki berria bezeroek irakur dezaten eta beste lau ale ere izango dituzte bertan salgai, inork erosi nahiko balu.

Nik gorde dut Espelletenia bisitatu beharrekoen zerrendan. Zenbat leku eskas ezagutzen ditugun ikusita, altxor hauek zaindu beharra daude. Xantza on, lagunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA