Sagardoak kontatzeko gauza asko ditu

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hernani eta Astigarraga inguruetako jendea, ziur zuek ere sekula jaso duzuela txotx garaiaren erdialderako lagunen baten deia, sagardotegira joan nahi dutela eta nora jo gomendio eske. Ematen dizkiegu gure gustukoenen pistak, baina batzuetan berandu izaten da eta dei bat baino gehiago egin behar izaten dituzte lekua topatzeko, eta gu erreferentziak eman eta eman. 2022ko denboraldia hastear dugu eta badut konponbidea lagun horiei bidea errazteko: ARGIAk abenduan publikatu duen Sagarrondotik gehigarria. Bertan aurkituko dute Euskal Herriko sagardotegien gida. Kokalekuak, telefonoak, zerbitzuak…

Baina, barkatu, hori gauza praktikoetara joanda. Ez baita horretara mugatzen. Urtero argitaratzen den aldizkaria da eta sagardoaren eta sagardotegien bueltan biltzen diren gaien inguruko erreportaje eta elkarrizketak jasotzen dira bertan. Emakumeak sagardogintzan gaiari eskaini zaio azala azken honetan. Emakumeek historian zehar eta gaur egun sagardoari lotuta jokatzen duten paperaz dihardu. Zelaia sagardotegiko nagusi Gaincerain ahizpekin hitz egin du Garazi Zabaletak eta kontatzen dituzte maskulinizatutako mundu horretan hiru emakumeek –beste askoren artean– egin duten bidea.

Sagardoa eta sagardotegien kultura bereziki Gipuzkoako zonalde batekin lotzen bada ere, urtero ekartzen da paperera beste lurralde bateko ekoizleren bat. Aurten Trebiñukoa. Baditu berezitasunak, normalean itsaso ondoan egoten dira sagarrondoak bazter hauetan, baina Trebiñu itsas mailatik 650 metrora egoteak sagar barietate jakin batzuetara jotzera eraman ditu bertako klimak. Beranduago loratzen diren Asturiasko (Espainiako Estatua) zenbait barietate egokitu dira ondoen Trebiñuko lursailetara eta horiekin ari dira lanean –horiekin bakarrik, bertako sagarrarekin ekoitzitako sagardoa egiten baitute– azken 30 urteotan, ardoaren erreinuan sagardoari ate txiki bat ireki nahian.

Eta ia ipuin baten modura kontatuta, Kazakhstan, Kirgizistan eta Txina arteko mugan kokatzen den Tian Shan mendilerroraino eraman gaitu Jon Tornerrek “sagarrondoaren sorlekua” zein den azaltzeko. Orain gutxi arteko teoriari buelta emanez bi botanikarik idatzitako The Extraordinary Story of the Apple (Sagarraren istorio harrigarria) liburuaren pasarte bat ekarri digu aldizkarira.
Sagarra ez da tonatan bakarrik kontatzen, sagardoa litrotan soilik kontatzen ez den bezalaxe. Ez da txotx denboraldira bakarrik mugatzen. Baditu esateko gauza asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA