argia.eus
INPRIMATU
Arrakalak loratu
Ane Labaka Mayoz 2022ko urtarrilaren 15

Inork 2021 urtean gehien baliatu –gogoratu, gogorarazi, aipatu, aldarrikatu, haragitu...– dudan testu zatia zein den galdetuko balit, ez nuke erantzuna bi aldiz pentsatu beharrik izango. Argi daukat zein pasarte egin dudan nireen. Arantxa Urretabizkaiarena da berez, Bidean ikasia izeneko liburuan azpimarratu nion arkatzez, eta honela dio: “Asfaltoa zartatzeko bi modu daude. Bata animaliena, gizakiona: hartzen duzu eskutan lanabes bat, pikotxa edo, ahal bada, mailu pneumatikoa eta kolpeka, zarata eginez, puskatzen duzu hautsezina zirudien azala. Bigarren modua landareena da: bultzatzen dute azpitik, isilean, etengabe, eta halako batean, nahikoa tentsio bildu dutenean, eten egiten dute gainean duten geruza”. Gordeta daukat beste aipu kuttun bat ere, urtearen hondarrean lagun batek oparitu zidana: “Idazle guztiok igotzen gara bata bestearen sorbaldetara”. Ursula K. Le Guini ostu zion berak.

Guk ere badakigu zerbait asfaltoaren gogorraz. Kolpeez, zarataz, isiltasunaz, tentsioaz, etenez... Badakigu zerbait elkarren sorbaldetara igotzeaz.

"Atea bakarka gurutzatzea aski ez zela entzun nion behin gutako bati; zabalik eutsi behar zitzaiola gainerako guztiek ere
bertatik igarotzeko
aukera izan zezaten"

Atea bakarka gurutzatzea aski ez zela entzun nion behin gutako bati; zabalik eutsi behar zitzaiola gainerako guztiek ere bertatik igarotzeko aukera izan zezaten. Orain, orduko hartan atearena kantatu zuenak txapel beltz bat dauka buru gainean, eta ez da bakarra. Zorionez, ez da puntaren puntan distira egin duen bakarra eta, fokupeetatik kanpo ere, batek baino gehiagok mantendu dute beraien zapata ate izkinan, irmo.

Udazken honetan ere bide bazterrak irentsi ditu gutako zenbait. Udazken honetan, baina, zartadura batzuk agertu dira kristalezko sabaietan; kalitatearen –ironikoki neutroak diren parametro ezin zehatzago horien– erresumetan. Konpartituak izan dira bideko minak. Konpartitua, amaierako poza; lorpen pertsonalak kolektibo sentitzeak dakarren euforia.

Sorbaldak ikusi ditut zerurainoko eskailera bihurtzen. Sorbaldak matrioxka forma hartzen, gehien behar zutenentzat aterpe bana eraikitzeko. Sorbalda uzkurtuak entzuleen artean, oholtza gaineko kideak ondo baino hobeto sumatu arren okerrenerako prestatzen, badaezpada ere, orain artean jasotako egurraren inertziari jarraiki. Sorbalda dislokatuak, erresuma horietatik kanpora gozatzen, ospatzen; elkarrekin dantzan.

Asko ikasi dut zuekin.

2022an ere egin dezala dar-dar asfaltoak. Ezer ez da dirudien bezain hautsezina.