Momentuek ere zaporeak dituzte

argia
0
ARGIAko lantaldearen urteko azken batzarra (argazkia: Dani Blanco)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nori ez zaio umetako oroitzapen bat burura etorri zerbait dastatuta? Memoriarik zaharrena omen. Herrialdeak ere zaporeekin gogoratzen ditugu usu, usaimenari zein lotuak. Pertsonekin ere lotu ohi ditugu gustuak. Baina uneek ere badute zaporerik, edo hala deskribatzen dira askotan, behintzat: une garratzak, mingotsak, gazi-gozoak… ARGIAko lantaldeak urteko balantzea egin du azken batzarrean: “Nolabaiteko aho-zapore gozoarekin amaitu dugu 2021 urtea”. Panoramari begiratuta, balorazio arraro xamarra iruditzen zaidala aitortu diet. Azalpenekin jarraituta, argitu didate kutsu gazi eta mingotsak ere badituela zapore horrek.

Urte berezia izan da, ez dut uste esan beharra dagoenik. Pandemiak denoi eragin digu. Bai, ARGIAri ere bai, eta hau ere ez dut uste esan beharra eduki beharko genukeenik. Ez dago, ordea, ikusi nahi ez duena baino itsu hoberik.

Halere, egoerarik zailenetan ezagutzen da ondoen jendea, eta ARGIAren atzean talde indartsua dagoela berretsi dute, ondo errotutako proiektua dela eta honi esker eutsi ahal izan diotela astinduari. Aho-zapore gozoa azpimarratu dute, alde kuantitatibotik begiratuta, proiektua diruz babesten duten kideen kopurua handitu egin delako beste urte batez, eta dibertsifikazio lerroetako diru-kontuek ere eman dutelako aurrera ateratzeko. Eta beste horrenbeste kualitatiboari begiratuta ere, isilago pasatzen diren baloreei. Hemen dago ARGIAren oinarria. Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako enpresan, elkar zaintzeko formuletan, barne antolaketa demokratikoan. Horrek egiten baitu indartsu taldea. Taldeak sinesten baitu balore horietan eta horietan oinarrituta sortzen dituzten proiektuetan.

Urte gogorra izan da, inork ez du zalantzan jartzen. Baina ekipoa gustura dago ARGIAko kide izatearekin: “Ikusita beste toki askotan zer egoera jasaten ari diren… guk zorte handia dugu”, azaldu du batek; “gure erabakiak hartzeko gaitasuna izatea zein garrantzitsua den ageriago geratzen da horrelakoetan”, beste batek.

Zenbait erabaki hartzeak beldurra eman dezake, baina beldur handiagoa ematen du beste zenbait erabaki hartzen ari direnen mende egoteak eta aritzeak. Garratzetik asko izan duen urteari zapore gozoarekin eman dio amaiera gure kazetaritza independenteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA