Gazteek ARGIA, ARGIAk gazteak

argia
0
Leire Artola Lasarte-Oriako erredakzioan (argazkia: Eneritz Arzallus)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Praktikaldiak ematen du elkar ezagutzeko aukera ere. Etorkizuneko kazetariek ofizioan lehen pausoak emateko aukera da, hedabideak eta euren lan egiteko moduak nolakoak diren ikusteko aukera, baita komunikabideek belaunaldi berriak ezagutzeko era ere. Leire Artola hernaniarra da urritik ARGIAn praktikaldia egiten ari den gaztea. Urtarrilera arte egongo da gurean. Kontatu digu zertan den, hemendik ateratakoan zer aurkituko duen…

Kazetaritza ikasketak amaitzear da eta lehendik ere eginak ditu beste praktikaldi batzuk; Berria egunkarian aritu izan da, eta EHUko programa baten bidez Guatemalan ere egona da. Prentsa idatzia maite du eta gaur gaurkoz horren bueltan ikusten du bere burua. ARGIAn praktiketan aritzeko atea zabalduta, ez du aukera galdu nahi izan. “Euskal prentsa idatzian erreferente bat da ARGIA eta ezagutu nahi nuen barrutik, bertan lan egitea nolakoa den”, azaldu digu.

Sarean albisteak sortuz hasten dira ARGIAn lehen lanak. Galdetzen zaie iritsi berriei ea zer gairekin sentitzen diren eroso, zer den gustuko dutena, eta ahalegintzen dira arlo horretako berriak topatu eta hori lantzera bideratzen. “Ni ez naiz gai batean aditua, denetik egitea gustatzen zait, baina jabetzen naiz interesa pizten didatela gizarte gaiek, Euskal Herriari lotutakoek, euskara ukitzen dutenek, feminismoak”, kontatu digu Artolak. Aitortu digu, dena den, nazioarteko gaiak jorratzea ere gustatzen zaiola: “Lan gehiago ematen dute agian, leku batean gertatzen ari dena jakin eta ulertu ahal izateko jokoan parte hartzen duten beste herrialde batzuen jarrerak ere kontrolatu behar direlako; baina interesgarria da”. Baina nondik lortu hau dena ulertzeko informazio fidagarria? “Ari naiz nire iturri bilduma pixkanaka osatzen. Niretzat konfiantzazkoa den jendea sare sozialetan jarraitu eta haiek jartzen dituzten erreferentziei erreparatzen diet”, erantzun digu.

Lasarte-Oriako erredakzioan egoten da egunero eta barrutik ezagutu du ARGIAren funtzionamendua. “Harrera oso ona egin didate, gertutasun handia nabaritu dut hasieratik, bat gehiago sentitu naiz eta asko ikasten ari naiz”.

Hemendik aurrerakoak denborak erakutsiko ditu, baina honekin beste ate bat ireki du Leire Artolak eta ikasketak amaituta, gogotsu dago prentsa idatzian kolaborazioak egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA