Ikastetxe publikoek eta gizarte ekimeneko itunpeko herrikoiek agiri bateratua plazaratu dute, umeen artean arrakasta handia izan duen fenomenoaz ohartarazteko. Geroz eta gehiago dira patioan ETBko saioak erreproduzitzera jolasten duten ikasleak, “indarkeria esplizitu horrek dakartzan albo-kalte guztiekin”, diote irakasleek. “Atrápame si puedes, Esto no es normal, Baserria, El Conquistador del quinto pino… Umeek eszenak zorroztasun handiarekin kopiatzen dituzte, fikzioa eta errealitatea nahastu eta sufrimendua naturalizatuz. Piztu telebista saioa imitatzen duten ume teatreroak dira okerrenak, klasean azken lerroan esertzen diren txoriburu horiek, euren gelakideek egiten dituztenak txantxa artean komentatzen dituztenak. Bueno, eta euskara irakasleak etengabe zuzentzen dituzten Usabiaga eta Euzkitze’tar Xabier bien imitatzaileak. Txipiroiaren jokoa? Nahiko genuke hura kopiatzea!”.