Bizipena ez erre, bizi-pena bai

Urriaren 4tik goiti iragan da Frantzia osoan “Osagarri mentalaren astea”: kanpaina horren helburua da jendarteak ezagut ditzan gaixotasun mentalak, eta horiek pairatzen dituzten presunen eskubideak gehiago edo hobeki errespetatuak izan daitezen. Gauza ona da, bistan dena, osagarri mentala solasgai bilakatzea gizartean, beldurrak lasaitzeko eta erienganako sostengua bultzatzeko. Ikastetxeetan, mentalki gaixo diren ikasleak integratzen ditugu; arrunta bihurtu da ikasle horiek izatea klaseetan, beren laguntzailearekin beharrez. Azken urteotan, han edo hemen antolatuak dira zinemaldi edo solas gaualdiak osagarri mentalaz. Iparralde honetan publiko zabalari zuzendu azterketa ofizial batean ere idazlan gogoeta gai gisa agertu da berriki eritasun psikologikoarena. Eta nola ez aipa kirol munduan isiltasunetik atera dela gai tabu hori, Simone Bilesi gertatuarekin.

"Ezen, goizegi da gure burua etsipen sendagaitzean kiskaltzeko; jendetasun eta edertasunik badago oraindik"

Bizkitartean, iruditzen zait ez dela nahikoa gizarte xehea argitzea edo heztea sail horretan: beharrezkoa dela ez dut dudan ezartzen, baina uste dut gaixotasun mentalei begira, gaitzespena ez daitekeela gizarte xehearen gain ezar. Pentsatzen dut jende xumea prest dela gaizki dagoenari kasu egiteko, haren artatzen laguntzeko, goxotasuna eskainiz. Estatuek, aldiz, industria handien presiopean, eritasun mentalak sustatzen eta larritzen dituzten jokamolde sozialak inposatzen dizkigute, nahi ala ez: urruntze fisiko edo “soziala” barneratua dugu; gero eta uzkurrago gaude ezezagun batekin hitz egiteko; harreman birtualak errealak baino errealagotzat dauzkagu; onartua dugu gure jendetasuna osatzen dituzten emozio intimoenak numerikoki kuantifikagarriak direla... Zenbakien unibertso hotzean murgilarazten gaituzte –“zenbakien diktadura” aipatzen zuen Philippe Jaccottet poetak–, eta beharko genuke jendarte erituan horrela iraun, “osagarri mentala”-ri buruzko aste honetan urrikalduz gu baino gaixoagoez. Jakina denez, Silicon Valleytik gure bizimoduak sare sozialen bidez programatzen dizkiguten geek franko asozialak dira, biziki onak beren lan alorrean, baina zailtasun handitan egiazko giza-elkarreraginean. Eta horiek eraiki gizartean beharko genuke gure “osagarri mentala” zaindu. Zer hipokrisia.

Berriki agertu da frantsesezko itzulpenean Andrija Mati? serbiarraren Burn-out eleberria (Alain Capponek itzulirik, Serge Safran argitaletxean). Idazlea literatura ingeles eta amerikar irakasle da, eta unibertsitateko literatur irakasle baten bizitza kontatzen du, Georg Trakl poeta espresionista austriar-hungariarra gogoan. Protagonistaren ideal pertsonal eta profesional guziak suntsitzen dira banaka: ingurumen ustelduan dirau, diplomak eta tituluak diruz baizik lor daitezkeen testuinguru okaztagarrian, administrazio kafkiarra bizkar duela. Hondarrean, bere buruari su ematea deliberatzen du (burn out, lehen zentzuan), ekintza artistiko miresgarria balitz bezala.

Guhaurk gure burua ez erretzeko, kuantifikazio eta birtualtasunaren uhina nolabait saihesteko, beharrik hor ditugula bestelako bizi garrak: irakasle, hezitzaile eta erizainok, jendearekiko harreman zuzena; hiritarrok, auzo eta migratzaileekiko loturak; arte zaleok, literatura, musika edo arte plastikoak. Ezen, goizegi da gure burua etsipen sendagaitzean kiskaltzeko; jendetasun eta edertasunik badago oraindik: bizitzeko gogo suharra sentitzen dut egunero gazteriaren baitan. Haiendako kartsuki joan gaiten bada aitzina, horma guzien gainetik!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-05-29 | Karmelo Landa
Setioa

Setio egoeran bizi gara euskaldunok eta katalanak Espainiako Estatuan, eta gainera ez dugu horren kontzientzia argirik, uste dut. Katalunian hori oso nabarmena izan da azken hauteskundeetan eta ondorengo egoeran.

Benetan aztertzeko modukoa da gertatu dena: Espainiako botere... [+]


Eguneraketa berriak daude