argia.eus
INPRIMATU
Esklabotza
Haiti, iraultza eta mendekua
  • 1791ko abuztuan mundua astindu zuen iraultza batek. Eta ez zen Europan gertatu. Esklabotzan oinarrituriko sistema ekonomiko kolonial atlantiarra hankaz gora jarri zuten milaka beltzek Saint-Domingue uhartean: hainbat urtetako borrokaren ostean Haiti herrialde librea sortu zuten. Lehen aldia eta bakarra izan zen esklaboek euren kabuz arrakastaz kateak hausten zituztena, metropoliaren uztarria askatu zuen hemisferio horretako lehen kolonia ere izan zen, eta Amerika osoko lehen mugimendu iraultzailea. Orduan, zergatik dakigu hain gutxi historia horren inguruan? “Errepublika beltza” beste lurraldeetako esklabisten –tartean euskaldun ugari– amesgaizto bihurtu zelako, eta batez ere, azken 230 urteetan Haitik agerian utzi duelako Mendebaldea deitzen diogun horrek esplotaturiko herrialdeekiko duen zorra.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko irailaren 20a
'Le Marron Inconnu' (Esklabo ezezaguna) eskultura Port-au-Princen, esklabotzaren abolizioaren omenez egina. Atzean, eraikin instituzionalak oraindik 2010eko lurrikararen zauriak dituztela. (Argazkia: Wikimedia / Kristina Just)
'Le Marron Inconnu' (Esklabo ezezaguna) eskultura Port-au-Princen, esklabotzaren abolizioaren omenez egina. Atzean, eraikin instituzionalak oraindik 2010eko lurrikararen zauriak dituztela. (Argazkia: Wikimedia / Kristina Just)

Abuztuaren 23an esklaboen salerosketa eta esklabotzaren abolizioa gogoratzeko nazioarteko eguna ospatzen da mundu osoan. UNESCOren biltzar orokorrak izendatu zuen horrela 2004an, 1791n Haitiko esklaboak matxinatu ziren eguna delako. “Errebolta horrek askatasunaren aldarrikapen unibertsala ekarri zuen berarekin, edozein denbora eta espaziotik harago”, dio Nazio Batuen erakunde horrek adierazpenean. Honen arabera, Antilletako irla hartan hasitako iraultzak eskubide zibilen eta herrien askapenaren aldeko mugimenduen ibilbidea markatu du azken 230 urteetan, gertaera hark izandako “espantsio efektuaren” ondorioz.

Baina paradoxikoa dirudien harren, hain urtemuga garrantzitsua kasik isilik pasa da aurten ere. Alferrik saiatuko da irakurlea hemerotekan aurkitzen egun horri buruzko aipamenik, apenas ohar instituzional labur bat eta ekitaldi xumeren bat –Bordelen egindakoa kasu, Toussaint Louvertureren omenezko eskultura aurrean–. Ez gaitu harritu ere, Wikipediako abuztuaren 23ko efemerideen artean Haitiko iraultzarik ez agertzea euskarazko, frantsesezko, gaztelaniazko eta ingelesezko zerrendetan. Zergatik ezikusi hori? Zer hasi zuten esklaboek 1791ko abuztuaren 23 hartan, egungo sistema hegemonikoak oraindik itzalean eduki dezan?

Frantziar koloniaren iparraldean, Bois Caïman izeneko tokian, dozenaka esklabok budu zeremonia ezkutua egin zuten egun batzuk lehenago: animalia bat sakrifikatu, buruzagiak izendatu, eta zin egin zuten zuri guztiak sarraskituko zituztela, Dutty Boukman hougan edo xamanak gidatuta –operazioa eskala erraldoian antolatuta zegoen, bi urte lehenago Frantzian iraultza hasi zenetik ari baitziren konspiratzen–. Handik gutxira, abuztuaren 22ko gauean, ekaitz tropikal batek eskaini zien mendekurako aukera. Haizete eta zaparrada izugarrien erdian, Cap-Français hiri ondoko Morne Rouge basoaren soilgune batean elkartu ziren milaka eta milaka, suziriak eta matxeteak eskuan zituztela. Zerri-odola edan ondoren, Boukmanek azken hitzak egin zituen: “Zurien jainkoak krimena bultzatzen du, baina beltzen jainkoak onberatasuna. Gure jainko onak agindu digu mendekatu ditzagula egin dizkiguten irainak. Berak gidatuko ditu gure armak eta lagunduko gaitu. Eraitsi dezagun hainbestetan negar egin arazi digun jainko zuriaren sinboloa, entzun dezagun gure bihotzetan dagoen askatasunaren ahotsa”. Hala kontatu zigun CRL James historialariak Haitiri buruzko Jakobino Beltzak liburu entzutetsuan (1).

Haitiren proiektu antikolonial eta igualitario hark soilik arrakasta izan zezakeen unibertsalki hedatuz gero. Horregatik boikotatu dute, interbenitu, sabotatu, zigortu,
gaur dena bihurtu arte

Hortik ordu gutxira, Cap-Français inguratzen zuen iparraldeko lautada zabala, seguruenik frantziar inperioaren altxor ekonomiko preziatuena zena, su erraldoi bilakatu zen. Esklaboek, beste iraultza askotan bezala, euren sufrimenduaren jatorria zena suntsitzeari ekin zioten, nagusiak hil eta kafe eta kanabera sailak errauts bihurtu arte. Egun hartan 180 azukre etxalde eta beste 900 kafe, kotoi eta anil soro erre zituzten. Matxinadan gutxienez 1.000 zuri eta 10.000 esklabo beltz hil ziren, eta beste 25.000 inguruk mendira jo zuten. Une horretatik aurrera, Toussaint Louverture eta Jean-Jaques Dessalines buru zituztela, esklabo ohiek aurre egin zieten tropa frantziarrei, irlatik erabat egotzi eta 1804ko urtarrilaren 1ean Haitiren independentzia lortu zuten arte.

Haiti izan zen Amerikako lehen herrialde librea. Eduardo Galeanok esan zuen bezala, aurretik AEBek independentzia aldarrikatu zuten arren, 650.000 esklabo zituztelako oraindik, “eta esklabo izaten jarraitu zuten mende batez”. Haitik abolitu zuen esklabotza Ingalaterraren aurretik. Eta Haitik garaitu zuen Napoleon Bonaparteren gudarostea beste inork baino lehen. Askorentzat, historiako iraultza biolentoena, erradikalena eta osoena izan zen.

Europako eta AEBetako elite supremazistek ez zioten sekula barkatu hori egin izana, beste kolonietako klase herrikoiengan txinparta piztu zuelako. Izan ere, Jean Louis Vastey intelektual haitiarrak gogorarazi moduan, proiektu antikolonial eta igualitario hark soilik arrakasta izan zezakeen unibertsalki hedatuz gero. Horregatik boikotatu dute, interbenitu, sabotatu, zigortu, gaur dena bihurtu arte. [Iraultza ondorengo bilakaera horren inguruan Independentziaren zorra: Haitiren miseriaren jatorria artikulua kaleratu dugu Larrun-en zenbaki honetan].

 


 

Pobreetan pobreena

 

Haiti azkenetako lekuan dago NBEren Giza Garapenaren Indizean, Amerikako herrialde pobreena da eta 11 milioi biztanletik 4 milioik gosea pasatzen du egunero (2). Eskola eta ospitaleetan baliabiderik ez dute, eta egoera okertu besterik ez da egin 2010eko lurrikaraz eta 2020ko pandemiaz geroztik.

Segurtasun faltaren eta ezegonkortasun politikoaren enegarren episodioa bizi du orain: uztailean gizon armatu batzuk Jovenel Moïse presidentearen etxean sartu eta tiroz hil zuten, haren emaztea larri zaurituz. Moïsek 2016tik zeraman agintean, AEBek eta Core Group deituriko herrialdeen talde batek –tartean Frantziako eta Espainiako estatuek– lagundutako operazio politiko bati esker; baina babes sozial eskasarekin eta Haitiko Kongresua berritzeko hauteskundeak deitu gabe. Bere inguruko enpresak ustelkeria sare batean nahastuta zeuden eta 2019ko auditoria baten arabera, Petrocaribe Venezuelako konpainiak petrolio hornidurarako emandako abantailetatik etekinak atera zituen. Egoera horren ondorioz herrialdean sorturiko protestak gogoz erreprimitu zituen presidenteak, banda kriminal polizialez baliatuta.

2021eko ekainean nekazarien manifestazioa Monwi hirian, Jovenel Moïseren politiken kontra. Hortik hilabetera hilko dute presidente haitiarra operazio ilun batean. Ikuspegi dekolonial batetik, haitiar askok badakite nazioarteko potentzien esku hartze bat gehiago dela honakoa. (Argazkia: MST)

Magnizidioa nazioarteko trama ilun batek antolatua izan dela kontatu digute hedabideetan, egunetik egunera eleberri baten traza hartzen aritu den udako albiste horietako bat: hilketa Kolonbiako ejertzitoko 26 laguneko militar-ohien komando batek egina, Miamiko “segurtasun” enpresa pribatu batek kontratatu zituen, eta tartean dira, baita ere, AEBetan bizitako haitiar mertzenarioak, Venezuelako opositoreak, Haitiko Justizia Ministerioko funtzionario-ohiak, AEBetako Estatu departamenduko kontaktuak…

Ikuspegi neokoloniala duten medioek ustelkeria eta kontrabandoarekin zerikusia duen kontu garbitze batekin lotu dute krimen hori. Ikuspegi dekolonial batetik ordea, haitiarrek badakite nazioarteko potentzien esku-hartze bat gehiago dela honakoa. Oraindik ez dakigu nork finantzatu zuen operazioa. Eta Alberto Pinzón bakegile eta antropologo kolonbiarrak dioen bezala, galdera hau da: nori egiten dio mesede hilketa horrek?

 


 

Lurrikarak eta isiltasuna

 

Lurrikara politikoaz gain, benetako beste bat gehitu zaio Haitiko egoera nahasiari, hamaika urte lehenago gertatutakoa gogorarazi duena: abuztuaren 14an Richter eskalan 7,2 graduko dardara neurtu zen Petit-Trou-de-Nippes komunan, mendebaldean dagoen Tiburon penintsulan. Nazio Batuen arabera, ofizialki 2.200 hildako baino gehiago eragin eta beste milaka herritar baliabide gabe utzi ditu. Gainera, ekaitz tropikalak gogor ari dira astintzen berriz uhartea, aurreko urteetan Matthew, Sandy edo Irma urakanek egin bezala. Klima larrialdiaren enbata modu gordinenean ari dira jasaten haitiarrak, baina Greg Palast BBCko kazetariak 2010eko lurrikara gertatu zenean azaldu zuen bezala, natur hondamendiak ez dira existitzen. “200.000 haitiar sakrifikatu dira auzuneetako etxebizitza baldintza eskasen eta Nazioarteko Diru Funtsaren ‘austeritate’ planen ondorioz” (3).

Haiti ez da “huts egindako” herrialde bat, interferentzia inperialistek sarraskituriko ezlekua baizik. Bere historiaren bigarren zati hori ez du kontatzen UNESCOren 2004ko adierazpenak, eta hori gabe, noski, ezin ulertu nazioartearen isiltasuna. “Haitirekiko nazioarteko politikak aldatu egin behar du!” aldarrikatu du munduko 150 erakunde baina gehiagok iaz hasitako Stop Silence Haiti kanpaina barruan –tartean daude Attac, Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioa, Via Campesina, zor bidegabearen kontrako CADTM elkartea…–; haitiarren burujabetasuna errespetatzea exijitu dute eta esku-hartze oro salatu. Erakundeok, herritarrek gidatutako trantsizio bat babesteko eskatu diote nazioarteari, Jean-Claude Duvalier Baby Doc diktadorearen erorketaren ondoren onartu zen 1987ko Konstituzioan oinarritua.

Izan ere, asko dago jokoan Haitin. Kolonialismoak eta interbentzionismoak hondakin bihurtutako sinbolo emantzipatzaile baita, gogorarazten duena esklabotzaren eta indarraren bidez aberastu diren munduko potentziek asko zor dietela herrialde txiroei, ez alderantziz.

2010eko lurrikararen ondorioak. 200.000 lagun hil eta milioika etxerik gabe geratu ziren. Hondamendi hori saihestu zitekeen, Haitiren pobrezia egoera azaltzen duen iraganeko esklabotzaren historia gabe. (Argazkia: Wikimedia)

 


 

 

Genozidiotik esklabotzara

 

Kristobal Kolonek 1492an La Isla Española izendatu zuen irlan hanka bat jarri orduko, han bizi ziren Taino herriko biztanleek ongietorria egin zieten. Arawak hizkuntzaren aldaera bat hitz egiten zuten –hortik dator Haiti edo kreoleraz Ayiti hitza, mende batzuetara iraultzaileek berreskuratua– (4). Baina jokabide adeitsu horrek baino, europarrek beraien belarrietan zintzilik ikusitako urrezko apaingarriek markatu zuten jatorrizko herri horren patua.

Berehala, espainiar inperioarentzat konkistaturiko Amerikako lehen lurralde bihurtu zen irla. Hogei urteren buruan milioi erdi biztanletik 10.000 lagunera kimatu zen populazioa, asko encomienda sistemaren bidez urre-meatzeetarako esklabo bihurtuta, eta gehienak inbaditzaileek eramandako gaixotasunek hilda, 1507an lehen aldiz baztanga izurritea hedatu zenetik.

Genozidio horren ondoren, kontinente “berria” birpopulatu beharreko eremu birjin gisa erakutsi nahi izan digute garaian garaiko kronista eta gortesauek, baina azkenaldian gero eta gehiago dira jatorrizko herrien existentzia eta eragina aldarrikatzen duten komunitateak –Antilla txikietan, adibidez, kalinagoen hizkuntzak gaur arte biziraun du eta haien tradizio arkitektonikoa erabiltzen hasi dira berriz, egurrezko etxolekin urakanei aurre egiteko–. Gero eta gutxiago dira Amerikaren historia 1492an erreseteatu zela dioen falazia bereganatzailea irensten dutenak.

Haiti torturaren territorioa izan zen XVIII. mendean. Munduan inon bizitzea sufritzea bazen, hori Haitin gertatzen zen, azal beltza zutenentzat

Lan esku defizita konpontzeko, 1517an Carlos I.a espainiar enperadoreak baimena eman zuen Afrikako esklabo beltzak garraiatzeko kolonia berrietara. Lehen bidaia horiek euskaldun batzuek antolatu zituzten: Enkarterrietako Urrutia osaba-ilobek hain zuzen, esklabotzari buruzko 2020 ekaineko Larrun-en azaldu genuen bezala (253 zk.). Halaxe hasi zen Haitiren tragedia, bere egitura ekonomiko, sozial eta kulturala definituko zuena.

Kontrabandoa zen Hispaniolan etekin ekonomikoa lortzeko bide errazena, toki estrategikoan egon izaki. Pixkanaka, frantziar eta ingeles bukanero, pirata eta kortsarioen topaleku bihurtu zen, Dortoka uharte txikitik pauso batera baitzuten irlako iparraldeko lautada zabala. 1697an, Europako gerra eta bake tratatuen truke-txanpon bihurtuta, ekialdea, egungo Haiti, Frantziaren esku geratu zen Saint-Domingue izenarekin, eta hortik aurrera irla osoari horrela ere deitzen hasi zitzaion (5).

XVIII. mendearen lehen erdialdean, frantziar koloniek aurre hartu zieten ingelesen Sugard Islands delakoei, eta batez ere Saint-Domingue zen azukre esportatzaile nagusiena, berak bakarrik munduko merkatu libreko eskariaren erdia ase zezakeen. Kafearen merkatuan ere nagusigoa hartzeko zorian zen; kakaoa, kotoia… frantziarrek kontsumitzen zuten hori guztia han produzitzen zen eta metropoliaren aberastasunaren herena suposatzen zuen hainbat iturriren arabera (6). Saint-Domingue zen Amerikako kolonia aberatsena, Jamaika edo Kubaren aurretik.

 


 

Torturaren territorioa

 

Horretarako baina, beharrezkoa zen derrigorrezko lana modu intentsiboan garatzea, zigorra erabiliz. “Indarkeria da kapitalaren ama” idatzi zuen Manuel Moreno Fraginals historialari kubatarrak. Hainbat kalkuluren arabera, Haitiko iraultza aurretik urtero 29.000 esklabo eramaten zituzten irlako kanaberetara, zientoka mila denbora gutxian. Esklabo beltzak “odol berriarekin” ordezkatu zitezkeen, produkzio kate oso baten baliabide huts bezala ikusten baitziren. Bizitzen xurgagailu horretan, askok apenas irauten zuten bizpahiru urte. 1804an, hamar urteko iraultzaren ondoren Haiti independentzia aldarrikatzeko zorian zela, frantziar kolonizatzaile burgesen mentalitatea ez zen aldatu: uharteko beltz guztiak hil behar ziren, eta askatasunaz eta berdintasunaz ezer ez zekiten beltz gehiago inportatu.

Europan, Frantziako kostalde atlantikoko hiriak esklabotza trafikoan espezializatu ziren, batez ere Nantes eta Bordele, baina baita Baiona bezalako hiri txikiagoak ere. [Euskaldunek negozio horretan izandako parte hartzeaz Baiona esklabo trafikoaren sareetan artikulua irakur liteke Larrun-en zenbaki honetan].

Azukrea munduan irabazi gehien ematen zuen produktu komertzial nagusiena bilakatu zen, eta hori ezinezkoa litzateke terrorearen eta izuaren Mordor antzeko bat sortu gabe. Haiti torturaren territorioa izan zen XVIII. mendean. Munduan inon bizitzea sufritzea bazen, hori Haitin gertatzen zen, azal beltza zutenentzat.

Desnutrizioa zen esklaboen etsai nagusia, zigorra maiztasun handiagoz jasotzen baitzuten elikagaiak baino. “Azoteak gelditzen zirenean, egur gori bat pasatzen zen biktimen ipurmasailetan (…) mutilazioak ohikoak ziren eta jabeek irakiten zegoen argizaria jaurtitzen zieten esku eta sorbaldetan; bizirik erretzen zituzten, pixkanaka, su baxuan; dinamitarekin igurtzi eta pospoloarekin pizten zituzten; leporaino lurperatzen zituzten eta burua melazarekin igurtzi euliek irentsi zitzaten; euren gorotza jatera derrigortu…”, hala kontatu zigun Jamesek Jakobino beltzak lanean. Egia ote? Froga ugari daude baietz esateko.

Hispaniola edo Saint-Domingueren 1749ko mapa. Irlaren mendebaldean sortu zen Haiti, 1804ko independentziaren ondoren.

Adibidez, azoteen bidezko torturak milaka finketa zituen: eskailerarena, hamakarena, lau hankatakoa, lepokoarena… azkeneko hori bereziki diseinatua zegoen emakumeek ez zezaten abortatu. Zergatik iritsi zen kolono zurien ankerkeria maila horretara? Beharrezkoa al zen? Erantzuna Jamesek berak eman zuen: “Zailtasun bat zegoen: piztiak bezala harrapatu zitezkeen, animaliak bezala garraiatu, astoak bezala lan eginarazi, haiei jotzeko makila bera erabili, hesituretan giltzapetu eta gosez akabatu. Baina azal beltza eta ile kizkurra gorabehera, gizaki garaiezinak izaten jarraitzen zuten, gizakien adimen eta erresuminarekin. Haiengan otzantasuna eta onarpena sortzeak basakeria erregimen kalkulatua eskatzen zuen, eta hori da jabeen jokabide ezohikoa azaltzen duena, itxuraz ez baitzeukaten beren jabetza mantentzeko ardurarik; beren segurtasuna bermatzetik hasi behar zuten”.

 


 

Desberdintasunaren uhartea

 

Ez da harritzekoa beraz, esklaboek askatasuna lortzeko erakutsitako egoskorkeria –“Askatasuna ala hil” izan zen Haitiko lehen konstituzioaren lelo nagusia–. 1791ko altxamendua ez zen izan bat bateko kontzientzia hartze bat, aurretik beste makina bat saiakera egin ziren. Esaterako, pozoia izan zen suntsiketarako arma garrantzitsuenetako bat. 1751n 3.000 esklabo inguruk mendira ihes egin zuten –cimarrón edo marronnagge deitzen zitzaien halakoei– eta haien buruzagi François Mackandal budu apaizak kolono zurien aziendak eta putzuak pozoitzeko plana ideiatu zuen sei urtez; baina azkenerako harrapatu eta plazan erre zuten denen aurrean. Askoren imajinarioan, ordea, trantze horretatik bizirik irten zen, airean sugarrak jaurtitzen zituen bitartean.

Budua eta kreolera esplotaturiko estratu sozialen autodefentsarako euskarri nagusietakoak ziren. Haitin praktikatzen den budu erlijio sinkretikoak badu Afrika mendebaldeko tribuen sinesmenetatik zati bat, eta kreole hizkuntzak ere esklaboen jatorrizko lengoaietatik edan izan du; baina ez dira arbasoen jatorrira itzulera soil bat, ezin litezke ulertu esklaboek Amerikan jasandako mendetako zapalkuntzarik gabe eta, Haitin bereziki, desberdintasunetik bizi zen jendarte konplexuari so egin gabe.

Haitiko piramide sozialaren oinarri erraldoia esklaboak ziren. Horien gainetik zeuden gens de couleur edo mulatoak –batzuk lurjabe bihurtuta–, esklabo izandako beltz libreak, kolono zuri txikiak –asko mulatoak baino behartsuagoak–, eta azkenik, irlan agintzen zuten zuri handiak. Baina azkeneko hauen artean ere bazeuden diferentziak, batez ere merkataritzatik bizi ziren burgesen, errege-ofizialen eta azukre zein kafe sail handien jabeen artean. Eric Williansek kapitalismoa eta esklabotzari buruz hitz egitean dio kolono zuriek 40.000 laguneko biztanleria osatzen zutela, mulato eta beltz askeek 28.000, eta esklaboek 458.000; azken horiek gabe “Saint-Domingue itsasoaren hondoan egongo litzateke”. Status quo horretan, zuri kolono txikien, aberatsen eta mulato lurjabeen artean ezinikusi franko zegoen, elkar gorroto zuten.

Herrialdeak 1804an independentzia aldarrikatu zuenean, Konstituzioaren 14. artikuluarekin amaitu zen eztabaida: hortik aurrera Haitiko herritar guztiak “beltzak” deituak izango ziren, zein nahi kolorekoa izanik ere

Atlantikoaren bestaldetik 1789ko frantziar iraultzaren berriak iritsi zirenean, denek aprobetxatu nahi izan zuten koiuntura nahasi hura, batzuk negozio handiagoa egiteko, bestetzuk eurentzako eskubideak lortzeko. 1791ko urte hasieran mulato aberatsak matxinatu ziren, Vicent Ogé izeneko merkatari ilustratuak gidatuta. Ama beltz librea eta aita zuri tratularia, Bordelen ikasi zuen, eta txikitatik Europako haize iraultzaileetatik edan zuen. Hala, Haitira itzuli zenean, Le Amis de Noirs elkarte abolizionistaren laguntzarekin errebolta hasi zuen: “Baina eztabaidagai zegoena mulatoentzako berdintasuna zen –dio Williamsek–. Inork ez zituen esklaboak aipatu ere egin”. Nolanahi ere, kolono zuriek mestizoak zapaldu eta Ogé hil zuten, gurpil batean hezur guztiak hautsiz. Maximiliem Robespierre eta Parisko beste lagun erradikal jakobinoen izu eta salaketa oihuak Cap-Françoisetik entzun ziren. Baina Haiti ez zen Frantzia, eta hango zuriak ez zeuden prest euren pribilegioak galtzeko.

Herrialdeak 1804an independentzia aldarrikatu zuenean, azal kolorean oinarrituriko estratifikazio eta aurreiritzi horiek hankaz gora jarri zituen. Konstituzioaren 14. artikuluarekin amaitu zen eztabaida: hortik aurrera Haitiko herritar guztiak “beltzak” deituak izango ziren, zein nahi kolorekoa izanik ere. Egungo Haitin atzerritarra zuria da, bertakoa berriz, beltza. Arrazializazioak ez du, beraz, zerikusirik kolorearekin, “beltz” hitza kontzeptu politiko bezala ulertzen da. Baina ez ditzagun ondorioak aurreratu.

 


 

Toussaint Louverture: esklaboak ekintzara

 

Hasiera haietan Liberté, Egalite, Frategnite printzipio politak ez zeuden beltz esklaboentzako eginak, antza denez. XVIII. mendean, askatasunaren diskurtsoak esklabotzan zuen kontraesan nagusia, Europako inperioen gorakada afrikarren hanka-hutsetan jarritako bilurrek hauspotu baitzuten. Hala, Haitiko gertaerek aurrera egin ahala, iraultza frantsesaren inkongruentzia horiek ageriago geratu ziren, eta abolizioaren inguruko eztabaida areagotu egin zen. Susan Buck-Morss pentsalariak Hegelen jabe-esklabo dialektikak Haitiko iraultzarekin duen loturaz idatziriko saiakeran dioenez, askatasun unibertsalaren ideiaren ondorio logiko posible bakarra esklabotzaren abolizioa zen, baina “hori ez zen gertatu iraultzaile frantsesen ekintza edo ideiengatik; baizik eta esklaboak berak ekintzara pasa zirelako”.

Toussaint Louverture. Esklabo iraultzaileen liderrak Frantziar errepublikaren baloreekin bat egin zuen. (Argazkia: Wikimedia)

1791ko abuztuan ke beltz batek eguna gau bihurtu zuen Haitiko iparraldean. Esklaboak euren patuaren jabe egin ziren Boukman apaizak gidatuta, eta iraultza beste lurraldeetara zabaldu zen azkar. François Dominique Toussaint Bredakoa, ondoren Toussaint Louverture edo “abiarazlea” izenez ezaguna, iraultza horren protagonista nagusia bihurtu zen laster.

Esklabo ohia izanik ere –1776an lortu zuen askatasuna–, beste askok ez bezala Toussainten sorbaldek ez zuten sekula makilarik probatu eta jabeak nolabaiteko kultur maila izatea baimendu zion; hala, garaiko obra klasikoekin ikasi zuen leitzen eta idazten. Baina batez ere, bere izaeragatik nabarmendu zen. Kontaezinak dira burkide zein arerioek aitortzen zizkioten bertuteak: autokontrola, diplomaziarako eta hizketarako abilezia, etsaiekiko gupida, gertutasuna, energia… Horrela lortu zuen bere inguruan batzea Haitiko gizarte konplexua osatzen zuten sektore ezberdinetako jendeak, zuri asko barne.

“Langile beltz soilenetik hasi eta frantses jeneraletaraino, edo hezienak, kosmopolitenak eta eskarmentudunenak ziren zurietaraino, denek onartzen zuten, bere lana eta idiosinkrasia pertsonalagatik, Toussaint zela Saint-Domingueko lehen pertsonalitatea”, idatziko du Jamesek. Historialariak birritan konparatzen du lider haitiarra Napoleon Bonaparte eta Abraham Linconl bezalako pertsonaiekin, eta sinetsita agertzen da, historia hau Toussaint gabe guztiz ezberdina litzatekeela: “Ezinezkoa da erabakitzea non amaitzen diren indar sozialak eta noiz hasten den bere nortasunaren arrastoa”.

 


 

Britainiarren hilobia lehenik…

 

Toussaint hasieran ez zen iraultzara batu, nahiago izan zuen bere jabe ohiaren aziendak babesten geratu. Baina su-bolak gerturatu ahala, konturatu zen bizimodu aldaketa bat posible egingo zuen garaia iritsi zela. Hala, familia babesean utzi eta 45 urteko gizaseme ile-urdindua, Toussaint zaharra, errebeldeen kanpamenduan sartu zen. Hor hasi zen dena.

1791tik 1804ra arteko prozesua benetan izan zen korapilatsua, eta iraultzaileek estratagema nahiz norabide aldaketa etengabeak egin behar izan zituzten bizirauteko. Lehenik espainiarren alde borrokatu ziren, hauek uhartearen ekialdean ustez askatasuna hitzemanik; baina gero, Léger-Félicité Sonthonax eta Etienne Polverel frantziar komisarioek –azken hau biarnotarra eta Baionan abokatu aritua– Saint-Domingueko beltz guztien emantzipazioa dekretatu zuten, eta Konbentzio Nazionalak kolonietako esklabotzaren abolizioa deklaratu zuen 1794ko otsailean. Hala, Toussaint eta bere tropek bandoz aldatu zuten, espainiarrak euren lurralderantz egotzi –testuinguru horretan trukatu zuen Frantziak espainiar kolonia euskal lurraldeekin, 1795eko Basileako Itunean–  eta hauen aliatu ingelesen inbasioari aurre eginez.  

1791tik 1804ra arteko prozesua benetan izan zen korapilatsua, eta iraultzaileek estratagema nahiz norabide aldaketa etengabeak egin behar izan zituzten bizirauteko

Toussaintek AEBetako independentzia gerran soldadu bezala arituz ikasi zituen gerrillako teknika militarrak aplikatu zituen hasieratik Haitin, arrakastaz. Hala lortu zuen milaka soldaduz osaturiko britainiar gudaroste inperiala iparraldeko kostaldean zokoratzea, Thomas Maitland teniente jenerala eta geratzen ziren soldadu ingeles apurrak 1798ko azaroan irlatik betirako bota arte, negoziazio umiliagarri baten ondoren. 50.000 hildako –asko sukar horiak jota– eta beste hainbeste zauritu eragin zizkien britainiarrei Haitiko espedizioak, eta London Gazette-k ahobizarrik gabe onartu zuen koloniaren independentzia suposatzen zuela horrek.

Baina Haitik Frantziar Errepublikari lotuta jarraitzen zuen. Toussaint zen bere balioak eta interesak defendatzen lehena, Errepublikan sinesten baitzuen guztiz, esklabotzaren abolizioa ekarri zuen iraultzaren ondorio zelako. Lider beltza saiatu zen plantazioetako sistema ekonomikoa berriz martxan jartzen –Ingalaterra eta AEBekin merkataritza akordio sekretuak eginez–, herritarrei formazioa eskaintzen, birrinduta zegoen lurralde hura berriz altxa eta orduko balore errepublikar eta modernoetan oinarrituriko herrialde bat eraikitzen.

Karl Marxen hitzetan iraultza da historiaren “lokomotora”, eta orduan ere ez zen geldirik egon. Barne liskarrek, erreboltek, amarruek eta zernahi jokabide ilunek zangopilatu zuten urte horietan Haiti gobernatzeko nahia, esaterako irlako hegoaldea menperatzen zuen André Rigoud mulatoen buruzagiarekin etengabeko lehia izan zuen Toussaintek, azkenerako garaitu zuen arte. Ingelesek, irla kanpotik bazen ere, konspiratzen jarraitzen zuten esklabo lana eta merkataritza mantentzeko asmoz. Parisen, berriz, Termidorrak ekarri zuen Direktorioa eta Brumario kolpeak Napoleon.

 


 

… Napoleonen tropen hilobi ondoren

 

“Ez dut utziko kolonia horretan uniforme baten sorbaldakorik beltz bakar baten sorbaldetan!”, esan zion Napoleon Bonapartek Vincent koronelari, honek Haitirentzako konstituzio baten proposamena eraman zionean. Bonapartek gorroto zituen beltzak, gai zen beltz hitza “listua balitz bezala ahotik jaurtitzeko, esklabo trafikante onenaren estiloan”, Jamesen aburuz.

Errepublikaren sinboloetako bat zen esklabotzaren abolizioa ezbaian zen berriz metropolian, eta jeneral kolpistak aukera probestu nahi zuen Haitiri estatus hura kendu eta derrigorrezko lana berrezartzeko. Baina bazekien ez zela erraza izango, eta 28.000 soldaduko gudarostea antolatu zuen horretarako, Charles Leclerc jeneralaren gidaritzapean; Europatik Amerikara sekula bidali den espedizio militarrik handiena izan zen hura. Toussaint eta bere buruzagien estrategia izan zen inbaditzaileek parean topatu zezaketen guztia aurrez deuseztatzea eta mendietara erretiratzea gerrillarekin hasteko: “Zergatik erretzen duzue dena? Galdetu zion ofizial frantses batek preso bati. Gure soroak erretzeko eskubidea dugu, gizon (sic) batek laneko bere tresnak edukitzeko eskubidea duelako, erantzun zuen anarkista anonimo honek”, irakur liteke Jakobino Beltzak liburuan.

Napoleonek 28.000 soldaduko gudarostea antolatu zuen esklabotza berrezartzeko; Europatik Amerikara sekula bidali den espedizio militarrik handiena izan zen hura

Urte eta erdiren buruan, baliabide faltak, euriteek eta sukar horiak sekulako triskantza eragin zuen Leclercen tropen artean. Baina halako batean, Toussaint atxilotu egin zuten, negoziazio batzuetan trikimailu bat erabilita, eta eskuak lotuta ontziratu zuten irlatik urrun. Askoren ustez, etsaiarekiko bere konfiantzak eta oraindik Errepublikan sinesteak eraman zuten galbidera lider haitiarra. Frantziako Alpeetan mila metroko garaieran dagoen Jouxeko gazteluko presondegian hil zen Toussaint Louverture, 54 urte zituela, 1803ko apirilaren 7an, hotzez, gosez eta penaz, bere biografoen esanetan.

Hala ere, hil aurretik berak iragarritakoa bete zen: “Beltzen askatasun arbolaren enborra baino ez duzue moztu. Baina berriz erneko da, bere sustraiak asko eta sakonak baitira”. Jean-Jacques Dessalinesek ekarri zuen behin betiko independentzia Haitirentzat, Toussaint Louverturek ez bezala, honek ez zuen gupidarik izan harrapatzen zituen zuriekin eta basakeria berak eginez erantzun zien frantsesei (7). Leclercek Napoleoni bidalitako azken gutuna etsigarria da: “Mendietako beltz guztiak hil behar ditugu eta lautadan bizi direnen erdiak, hori gabe ez da inoiz bakerik izango kolonia honetan”.

 


 

Askatasuna zer den esklaboarentzat

 

Leclerc bera sukar horiak jota hil zenean, honen ordezkoari, Rochambeauko kondeari 20.000 soldadu gehiago bidali zizkioten esterminiozko gerrarekin jarraitzeko. Hala, mulatoak ere sarraskitzen hasi zen, zurien supremazia bermatzeko. Berriz ere beltzak leporaino lurperatzen hasi ziren euliek irentsi zitzaten, zakurretara botatzen zituzten, itsasoan ito… Baina hura jada gerra popularra bihurtu zen haitiarrentzat, eta Frantziako banderari zuri kolorea kenduta borrokatu zuten: “Leclerc hil ondoren gertatu zena, ikasle orok ezagutu beharko lukeen historiako orrialde horietako bat da –dio Jamesek–. (…) Frantsesak Saint-Dominguetik kanporatu zituzten gizon, emakume eta haurrek ez dute zer inbidiaturik independentziaren alde beste edozein lekutan edo beste edozein garaitan borrokatu direnei. Eta arrazoia sinplea da. Azkenean ulertu zuten independentziarik gabe ezingo zutela askatasuna gorde, eta askatasuna askoz zehatzagoa zen esklabo ohientzat, frantziar demokrazia politikoaren figura lausoak baino” (etzana guk jarria).

Vertièreseko bataila 1803ko urrian gertatu zen Cap-Français hirian. Ez da Waterloo bezain ezaguna, baina han gertaturikoak munduko botere harremanak aldarazi zituen.

1803ko azaroaren 18a, Vertières, Cap-Français hegoaldea. Frantsesak setiaturik daude euren menpe dagoen azken hirian: Dessalinesek amaierako erasoa agindu duenean, François Capois izeneko ofizial errebelde batek –Capois-La-Mort edo Capois-heriotza ezizenez ere ezaguna–, aurrera egiten du mosketeen eta artilleriaren suaz gaindi, “Jarraitu niri, jarraitu niri!” oihukatzen duela. Irudi hori Haitiko independentziaren ikono bilakatuko zen geroago (8). Gau hartan bertan Rochambeauk irla ebakuatuko zuela erabaki zuen eta bere burua itsasoa kontrolatzen zuten britainiarrei entregatu. Kanpaina hartara bidalitako 60.000 soldaduetatik apenas zeuden bizirik gutxi batzuk, eta Ingalaterrako kartzeletan usteldu ziren. Handik hilabetera, independentzia adierazpena irakurri eta Antilletako errepublika berriari “Haiti” izena jarri zioten, geroago Dessalinesek bere burua enperadore izendaturik.

Haitiko iraultzak esklabotzaren abolizioaren eta askatasunaren pindarra piztu zuen beste kolonietan. Irla hartatik ihes egin behar izan zuten milaka zuri lur-jabeen eta esklabisten estanpa, askoren imajinarioan geratu zen hurrengo mende osoan. Esplotatzaileei ikara eta esplotatuei miresmena sorrarazten zien irudia zen. Baina batez ere, CLR Jamesi hitzak ostuz, milioika pertsonen patua eta hiru kontinentetako korronte ekonomikoak aldatuko zituen historia da hau. Historia unibertsal bat.

 


 

(1) 1938an idatzia, Jakobino Beltzak liburua Haitiko iraultzaren historia kontatzen duen maisulantzat hartzen da. Hegoafrikako apartheidaren kontrako mugimenduak liburua erabili zuen erreferentzia moduan bere borrokarako. Cyril Lionel Robert James Trinidad uhartean jaio zen eta historialari afroamerikar marxisten xenda hartu zuen XX. mende hasieran, errusiar iraultzaren eraginpean. Karibeko herrialdeen askapen mugimenduen bestelako kontakizuna sortu zuen ikuspegi literario batetik.

(2) Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako FAO erakundeko Adoniram Sanchesen esanetan, egun herritarren %48ak “gose gordina” jasaten du Haitin.

(3) Josep Fontanaren Por el bien del imperio (Pasado y presente, 2011) liburuan aipatua.

(4) “Lurralde menditsua” esan nahi du jatorrizko hizkuntzan.

(5) Erreportaje honetan Saint-Domingue deituko diogu koloniari edo kolonialismo garaiko irlari, eta Haiti herrialdeari berari.

(6) Noam Chomskyren arabera Frantziak bere aberastasunaren %20 “haitiarren torturaren bidez” lortu zuen, eta “egun tamalez jarraitzen du horrela” (Le Monde Diplomatique, 2015eko apirila)

(7) Orain arteko historia ofizialek Dessalinesen irudi gogor eta odoltsua eman arren, Haitin bere paper garrantzitsua aspaldi aitortu dute, iraultza hobekiago ordezkatu zuelako.

(8) Bataila horretan eta beste batzuetan emakumeek izandako parte-hartzea handia izan zen. Cécile Fatiman zen emakume lider ezagunenetako bat, ama afrikarra eta aita korsikarra zituen, eta Haitiko mugimendu feminista indartsuaren erreferenteetako bat da.