argia.eus
INPRIMATU
Baiona esklabo trafikoaren sareetan
  • Lapurdiko hiriburuko ontzingintzak garapen handia izan zuen esklabotzari esker, Nantes eta Bordeleko tratularientzako ere eraikitzen baitzituzten barkuak. Euskaldun, biarnotar eta gaskoiek bete-betean hartu zuten parte Saint-Domingueren kolonizazioan, eta iturri batzuen arabera, Baionara 4.500 esklabo deportatu zituzten XVIII. mende amaiera arte.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko irailaren 21a
Baionan esklabo trafikoan erabiltzeko itsasontziak eraiki ziren, besteak beste, eta hiriko ontzigintzaren garapenean eragin zuzena izan zuen negozio horrek. (Argazkia: Gaizka Iroz)
Baionan esklabo trafikoan erabiltzeko itsasontziak eraiki ziren, besteak beste, eta hiriko ontzigintzaren garapenean eragin zuzena izan zuen negozio horrek. (Argazkia: Gaizka Iroz)

XVII. mende erdialdetik XIX. mendera arte Frantziako erreinuko kostalde atlantikotik 4.220 espedizio abiatu ziren Afrikara, beltzak ontziratu eta Amerikako kolonietan esklabo bezala salduak izateko, Nanteseko Abolizioaren Memorialak emandako datuen arabera –hiri hartatik bakarrik 1.714 espedizio irten ziren–. Esklabotza aberastasun iturri izan zen Nantes eta Bordele bezalako hiri handientzat, eta ez lirateke gaur egun direna izango negozio hura gabe. Baina hiri txikiagoetako tratulariak ere aberastu ziren giza-gorputzak salerosiz, tartean Baionakoak.

Mémoires et Partages (Oroimenak eta partekatzeak) elkarte anti-arrazistaren esanetan, denbora horretan Lapurdiko hiriburura deportaturiko beltzak gutxienez 4.500 inguru izan ziren, eta Baiona zortzigarren portu négrierra izan zen, Arroxela, La Havre, Sant-Maloù eta beste batzuen ez oso atzetik. Jean Mettas historialariak egindako ikerlan batetik ondorioztatu daiteke XVIII. mendean hamar barku irten zirela kostalde afrikarrean esklaboak bahitzeko helburuz; esaterako L´Hereuse (Zoriontsua) izenekoak, Pierre Dolhondek gidaturik 249 esklabo eraman zituen Haitira 1765ean.

Jacques de Cauna ikerlari bordeldarrak “Akitaniako El Dorado-a” deitu dio lurralde hari. Haitin oraindik badaude esklabista euskaldunak gogorarazten dizkiguten toponimoak, hala nola Labadie, Garat, Navarre, Carrère…

Eta ontzigintzaren garapenean ere nabarmen eragin zuen giza-trafiko horrek, Baionan egiten ziren itsasontzietako asko Nantes edo Bordeleko ontzigileentzat izaten baitziren. Tratulari baionarren artean Cabarrús anaiak zeuden –Dominique-Denis eta Dominique Eugène–, zeinak Roy-de-Cabinde edo Roy-de-Malimbe izen exotikoak jarri zizkieten Ginea eta Angolako portuetatik Haitiko Cap-Françaisera bidaia hilgarriak egiten zituzten fragatei.

Euskaldun, biarnotar eta gaskoi kolonizatzaileek Haitin utzitako arrastoa itzela da. Adituek beharra adierazi dute parte-hartze horren kopuruak hobeto zehazteko, milaka izan baitziren Saint-Dominguera joan zirenak lurrak bereganatu eta esklabotzaz aberasteko asmoz. Mémoires et Partagesek dioenez 30.000 kolonizatzaileetatik %40 Akitaniako eskualdekoak ziren; ez alferrik Jacques de Cauna ikerlari bordeldarrak “Akitaniako El Dorado-a” deitu dio lurralde hari. Haitin oraindik badaude esklabista euskaldunak gogorarazten dizkiguten toponimoak, hala nola Labadie, Garat, Navarre, Carrère… “Baionako merkatal familia handiak Saint-Domingueri erabat lotuta zeuden”, azaldu zuen De Caunak Sud Ouest egunkarian publiko egindako artikulu batean.

La Negresse

Kolono horietako askok, kriollo edo indianoen hantustekeriaz, sorterrira esklaboekin itzultzeko ohitura hartu zuten, sukaldean edo zerbitzuan aritzeko; esplotazio horren arrastoa suma liteke Lapurdiko hirietako zenbait tokitan. Ezagunena, seguruenik, Miarritzeko tren-geltoki ondoko La Negresse auzoa dugu, euskaraz betidanik Harausta edo Heustarre deiturikoa. Dirudienez, Napoleon Bonaparteren soldaduek hango ostatu bateko zerbitzari beltzari jarritako ezizena omen da La Negresse; 1986an Herriko Etxeak euskarazko jatorrizkoa kendu eta izen ofizial hori jarri zion auzoari.

2019ko abuztuaren 22an, G7ren gailurraren bezperan, Mémoires et Partages elkarteak informazio-ekintza egin zuen Miarritzeko tren-geltokian, izen horren izaera umiliagarria salatzeko, eta Karfa Sira Diallo idazle eta elkartearen sortzailea modu bortitzean atxilotu zuen poliziak. Paueko auzitegi batean jarraitzen du kontuak. Nolanahi ere, ekintza horren ondorioz eta izandako oihartzunaren ondoren, elkarteak lortu du zenbait tokitan izenak aldatzea; abuztu honetan bertan tren-geltoki ondoko farmaziak La Negresse izateari utzi dio.

Karfa Sira Diallo atxilotzeko unea Miarritzeko tren-geltokian, G7 gailurraren bezperan. (Argazkia: Mémories et Partages)

Esklaboak Donibane Lohizuneko ziegan

Ohikoena esklaboak Afrikatik zuzenean Amerikara eramatea zen arren, zenbaitetan eskalak egiten zituzten, eta merkataritza trafikoko beste produktu baten antzera biltegiratzen zituzten gizakiok denbora batez. Euskal Herrian ere bazeuden halako tokiak, ez portuetan soilik, baita gazteluetan ere.

Kepa Arburua Olaizola ikerlariak 2013an kaleratutako Belzenia, prison d’esclaves noirs au Pays basque (Beltzenia, esklabo beltzen kartzela Euskal Herrian) liburuan, azaltzen du Ziburu eta Donibane Lohizune artean dagoen Beltzenia jauregian esklaboak giltzapetzen zituztela, oraindik zutik dagoen 40 zentimetroko lodierako paretak zituen ziega ilun batean. Guardien etxolak ere mantentzen dira eta, garaiko dokumentuen arabera, ehun esklabo baino gehiago pilatu zituzten bertan.

Toki hori lotuta dago Haitiko hiriburu den Port-au-Princeko alkate izandako Michel Joseph Leremboure doninbandarrarekin. Saint-Dominguen kafe-plantazio handiak zituen Lerembourek –besteak beste Donibane izeneko bat– eta 1802an, Urruñako François Harismendy kapitain esklabistari agindu zion Senegalgo Goree irlatik beltzak eramateko, gero AEBetan saltzeko. Harismendyren ontziak eskala egin zuen Lapurdin eta Beltzenian eduki zituzten preso esklaboak.

Ziburu eta Donibane Lohizune artean dagoen Beltzenia jauregian esklaboak giltzapetzen zituzten, oraindik zutik dagoen 40 zentimetroko lodierako paretak zituen ziega ilun batean

Leremboure anti-abolizionista amorratua zen eta, 1791n esklaboen iraultza lehertu zenean koloniatik erbesteratu zen –irakurri hemen gertaera haien jatorria eta bilakaera azaltzen duen erreportaje zabala–. Bere jabetzak berreskuratzeko asmoz itzuli zenean, Jean-Jacques Dessalines jeneral independentistak atxilotu eta fusilatzeko agindu zuen. Leremboureren seme Paul Donibane Lohizuneko alkate izan zen geroago eta herri horretan Luis XIV.aren jauregi dotorea zuen familiak, Antilletako diruarekin erosia seguruenik.

Ezin uka badirela euskal pertsonaia garrantzitsuak abolizionisten eta iraultzaren alde borrokatu zirenak, Jean-Baptiste Gerard diputatua kasu, denak ez ziren esklabista. Baina negozio ilun horren inguruan zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta sakonagoa da gure iragana inguratzen duen lokatza.