argia.eus
INPRIMATU
Sartze gogorra
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2021eko irailaren 08a

Ikasturte berria hasterakoan, ez daiteke erran giro orokorra alaia dela. Albisteak entzun gabe ere, liburutegi batera joatea aski da: gerlari buruzko liburu gero eta gehiago aurki daiteke salgai: XX. mendeko bi mundu gerletik orain arteko gatazkei buruzko ikerketak; kolonialismoak eragin gerlak; gerla garaikideak Afganistanen, Iraken, Sirian, Libian; gerla estrategien bilakaera; gerla egiteko modu berriak; gerla “zuzenak”; “zibilizazio” gerlak; gehiegikeriak; eraso kirurgikoak; gerla numerikoak; itsaspeko gerlak; komunikazio gerla; gatazka psikologikoak... segurki, ez da sarbide eskasik gai horri buruz. Tartean, Gaïdz Minassianek argitaratu du Les Sentiers de la victoire (Garaipenaren xendrak): saiakera horretan, idazleak aztertzen ditu hogei mendez gertatu gatazkak, eta galdera interesgarri hau egiten du: “Gerla bat oraindik irabaz ote daiteke?”. Erantzuteko, azaltzen du garaipena nozio konplexua dela, eta bereziki egun ez dela gehiago izaten ahal denek onartutako garaipen masibo eta lasterrik. Egungo gerlak ezin bururatuak dira, garaipen militar ala politikorik gabekoak dira, eta haien itzalean iritzi publiko eta pertzepzio gatazkak daude, trenkagaitzak.

"Asurantzek ere 'gerlak eragin kalteak' sartu dituzte orain proposatzen dituzten kontratu arruntetan. Baina gerla, noren artean?"

Ez dugu hemen Afganistanen bizi dutena pairatzen, bistan dena. Gure auzoan familia afganistandar bat instalatu da, aita-amak hiru haurrekin, eta zorionezko bakean bizitzeko xantza dugula diote. Halere, bazter guzietan sentitzen da tentsioa, agresibitatea, mesfidantza, bortizkeria. Gobernuak hiritarrak bat bestearen kontrolpean ezarri nahi ditu eta zaintza numerikoa areagotzen du: jagoitik, gure bizitza intimo, sozial eta profesionalak agerian ezartzea galdegina zaigu, sarean. Begiratuak sentitzen gara, zigorgarriak hobengabeak izanik ere, eta hori ez da sano.

Gerla mota ote da hori? Ez oraindik. Baina ematen du hurbil dagoela. Asurantzek ere “gerlak eragin kalteak” sartu dituzte orain proposatzen dituzten kontratu arruntetan. Baina gerla, noren artean? Gobernua hiritarren kontra? Hiritarrak bat bestearen kontra? Klase sozialen artekoa? Eta zertarako? Boterea erdiesteko? Etorkizun jasangarria bermatu ahal izateko klima aldaketagatik? Interes kolektiboarentzat? Nork bere buruarentzat?

Giro horretan, eta burrustan heldu zaizkigun kezka existentzialak jasaten laguntzeko, nehoiz baino gehiago beharrezkoak ditugu elkartasuna, maitasuna eta adiskidetasuna, bai eta kirola, artea eta literatura ere, hatsa eta gibelapena hartzeko.  

Uda honetan gozatu ditut mendi ibilaldiak, musika errepikak, lagun arteko elkarretaratzeak, besarkadak eta ezteiak, baratzea eta etxea. Ezagutzen ez nituen idazle bikainak ere ezagutu ditut, hala nola Emmanuel Dongala kongoarra. Honek, Beethovenen Sonata mulattica piezaz egin miaketen ondotik idatzi du La Sonate à Bridgetower eleberri ederra: hizkuntza apain xoragarri batean, XVIII. mendeko musikari gazte odol-nahasi baten bizitza kontatzen digu, Europan zehar, giza harremanak zorroztasun handiz galdekatuz, xuri eta beltzen arteko arrazakeria ezagunaz haratago.

Ikasturtea gogorki hasiko zaigu, dena manamendu eta mehatxu, baina horregatik ez dugu izugarrikerien aitzinean amore eman beharko. Pentsatzen dut intuizioak, irudimenak eta jendetasunak gomendatzen digutena segituz, arrazoinamendu itsuen aurka, babesten saiatu beharko dugula aitzina joateko gogoa eta poza, gure baitan eta gure inguruan, hala eta guziz ere.