Denboraren makina ez da gelditzen

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hamabost urte daramatza martxan eta jarraitzeko indartsu ikusten dute ARGIAn. Sailez sail ari dira astekariaren balorazioa egiten, jabetuta aktualitatearen erritmoak eramanda sarri hausnarketa pausatuagoak bigarren maila batean geratzen direla. Atal bakoitza sakon aztertzeko tartea hartzen hasiak dira erredakzioan eta aldaketa batzuk ere iritsi dira horren ondorioz. Azala, Beranduegi edo asteko argazkiaren balorazioak azalduta ditugu lehenago espazio honetan. Gaur ‘Denboraren makina’-ren tartea da.

“Freskotasuna” azpimarratu dute. Artikulua bitxikeria batetik abiatzen da, Nagore Irazustabarrenak amua jartzen dio irakurleari eta behin sarean harrapatuta, zeharka sartzen dizkizu beste balore batzuk. Izan daiteke oso historia zahar bat zeharka kontatzen dizuna gaur egungo arazo bat edo balore batzuk.

Balorazioa egiteko hiru irizpide hartu dira kontuan: garaia, tokia eta gaia. Ez dira hamabost urteak aztertu, azken urtebetea ari dira analizatzen sail guztien kasuan. ‘Denboraren makina’ garaietan orekatuta ibili dela ondorioztatu da. Alegia, aro edo aldi guztiak landu direla nahiko antzera. “Aurten akaso Erdi Aroa geratu da gutxixeago landuta, baina orokorrean nahiko orekatuta ikusi dugu”, azaldu digute erredakzio taldetik. Gaiak ere denetarikoak eskaini zaizkio atal honetan irakurleari.

Euskal herriko gaiak: historia idatzi gabeak

Neurtu da, kasu honetan, zenbat artikulu diren Euskal Herrian kokatzen direnak, zenbat nazioartekoak, eta honen barruan ere Europa edo Mendebaldearen ikusgarritasuna eta besteena zenbateraino dagoen orekan. Euskal Herriko gaietan dago aldea. “Ez da erraza izaten gure herriari lotutako estilo honetako historia eta bitxikeriak topatzea”, azaldu du atalaren koordinatzaileak. Herri zapaldu baten arazoak. Historia idatzi gabeak. “Hilero elkartzen gara hurrengo lauzpabost asteak antolatzeko eta helburu bezala jartzen dugu gutxienez hilean behin sartu behar dugula Euskal Herriari lotutako gairen bat, horrela bermatzeko gutxieneko bat”, jarraitu du.

Arazoak arazo, gustura dago lantaldea astekariko sail finko honekin eta beste puska baterako makinak martxan jarraituko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA