Ekonomiaren jokaldiak irakurtzen irakatsi digu

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Mamira jo behar dut 80 urteko historia oso baten zati txiki baten lau pintzelada ondo azaldu nahi baditut. Hainbeste dago kontatzeko. Juan Mari Arregi ‘Daniel Udalaitz’ agurtzea tokatu zait. Eskertzea hogeita bost urtez astekari honetan irakurleari sozioekonomia gaiez emandakoa. Erreleboa emateko garaia heldu dela eta ez duzu gehiago ‘Talaian’ zutabean bere testurik irakurri ahal izanen, irakurle.

Egin egunkariaren sortzaileetakoa 1977an, ekonomia gaiez arduratu zen frankismo ondorengo urte korapilatsu haietan. Petrolioaren lehen krisiak kolpatutako industria haserretu baten aurrean zeuden, langileen grebak eta martxak, protestak, poliziaren errepresioa, Francoren heriotza, gatazka politikoa… urte haietan izan zen Bizkaiko delegatua eta ‘Laboral’ izeneko sekzioaren arduradunetako bat.

ARGIAko hastapenak

Arazo politikoak zirela medio kaleratua izan zen Egin-etik. Ordura arteko ibilbideagatik markatuta zuten antifrankista eta abertzaletzat, beste medioren batean sartzeko bidea zailduz; eta 52 urte izateak ez zituen gauzak errazten. ARGIAko zenbait kidek aski ezagun zituzten Daniel Udalaitz edo Antton Urrutikoetxea sinadurak eta 1995ean astekarian kolaboratzen hasteko proposamena egin zioten.

Bizpahiru orriko lanak egiten hasi zen, beti gai sozioekonomikoei lotuak. ‘Txanpona’ saila osatu zuen gero. Linea berberari jarraituz, ‘Zer da’ atala sortu zuten ondoren, astero kontzeptu ekonomiko baten definizioa eskainiz, irakurleari ekonomia gaiak ulertzen laguntzeko. ‘Talaian’ izan da azken saila. Hemen irakurri ahal izan dugu Juan Mari Arregi azken urteetan, astero.
Generazio berriei lekua utzi nahi die orain. Hala azaldu digu. “Oso eskertuta nago ARGIArekin, beti utzi didate askatasunez idazten; eta orain hurrengo belaunaldiei tokia uzteko unea da”, dio. “Gainera, laurogei urte ditut eta asteroko zutabea osatzeak lana suposatzen du; eskatzen du gaien gainean egotea, jarraipen zorrotza egitea…”, azpimarratu du. Uztaileko azken zenbakian idatzi du bere agurra.

ARGIAk duen kolaboratzailerik zaharrenak eman dio amaiera fase honi. Ekonomiako erreferentzia izan dena urte luzez. ARGIAko lantaldeak ere esker hitzak besterik ez ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA