argia.eus
INPRIMATU
Non daude emakume entrenatzaileak?
Ainhoa Azurmendi Echegaray @AinhoaAtxur 2021eko uztailaren 19a

Eta zuk, txikitxo, honetan [kirol zehatz batean] jokatzen duzu?”. Horixe galdetu zion irakasleak nazioarteko emakume jokalari bati, gizonez betetako entrenatzaileen formakuntza-saioan. Esaldiaren paternalismoaz mintza ninteke, edo maila hartako kirolari hori bere esparruan ere ezezaguna izateko hamaika arrazoiez. Baina ez; oraingoan, eremu maskulinoetan emakumeek jasaten dituzten egoera ezerosoek eragiten dituzten ondorioak ekarri nahi ditut gogora. Maskulino hitza aipatzean, genero kulturaz zein egituraz ari naiz: hain zuzen, tradizioz gizonezkoei esleitutako estereotipoen baitan eraikitzen diren gizonez osatutako espazioez. Oztopoak oztopo, emakumeak ari dira gutxinaka norbere gustuko kirolak praktikatzen. Baina zer gertatzen da kirolariena ez den beste estamentuekin? Hau da, ezagutza teknikoa, erabakiak hartzeko segurtasuna, eta kirolariak zuzentzeko gaitasuna eskatzen duten rolekin? Non daude emakume entrenatzaileak?

"Oztopoak oztopo, emakumeak ari dira gutxinaka norbere gustuko kirolak praktikatzen. Baina zer gertatzen da kirolariena ez den beste estamentuekin?"

Munduan zehar zein gurean egin diren ikerketek, agerian utzi dute emakumeak kirol arloko teknikariak ez izateko funtsezko arrazoiak, besteak beste, egitura maskulinoetan jarduteko estiloak, gizonen arteko sare informalak, emakumeen gaitasunak etengabe zalantzan jartzeko aztura eta bakardadea direla. Horrez gain, emakume entrenatzaileen eredurik ia ez izateak, etorkizunari begira haien burua entrenatzaile lanetan irudikatzea eragozten du. Horrek guztiak, sarritan, norbere baliabideak nahikoak ez ote diren pentsatzera eramaten ditu emakumeak.

Eta horren aurrean, kirol arloko erakundeak zer? Orain arte bezala jarraitu dezakete, teknikarientzat antolatzen diren formakuntza guztietan batik bat gizonezkoak jarriz irakasle edo aditu; hizkuntza erabat maskulinoa erabiliz; edukietan kontuan ez hartuz emakume kirolarien ezaugarri, behar eta interesak; materialetan estereotipoak errepikatuz; eta emakumeei talde nagusiak entrenatzeko aukera ematea ekidinez. Nahikoa ez balitz, entrenatzaile izateko erabakia hartzen duten emakumeei iruzkin sexistak egin eta inguru matxista horietatik aldentzera gonbidatu? Ala benetan gaiari seriotasunez heldu eta emakume entrenatzaile gehiago egoteko estrategiak abian jartzeko prest daude? Ez da denbora kontua, kirol arloko tradiziozko maskulinotasuna iraultzeko prestutasuna baizik.

Hauxe da, zalantzarik gabe, datozen urteetan kirol arloan berdintasun ikuspegitik edukiko dugun erronka handienetako bat.