“Bai, bai, nik ere uste nuen euskal selekzioak ofiziala izan beharko lukeela, baina ikusten duzu Espainiarekin jokatzen ari diren Mikel, Unai edo Cesar zein mutil jatorrak diren eta, ostia, ba irabazten dutenean emozionatzen zara”, kontatu digu Gorane Ezpain tolosarrak, Realaren elastikoa soinean. Horregatik erabaki du Naziometroaren bigarren inkestan bere erantzuna aldatzea, beste milaka lagunek egin duten moduan. Hala, gaur gaurkoz euskal herritarren %97 Espainiako selekzioaren alde dago, “gutarrak daudelako tartean”. “12 urtez azpikoen edo emakumezkoen euskal selekzioak egotea bai, baina gizonezkoena… ba zer nahi duzue esatea, agian ez da txarra Espainiak irabaztea, gure jokalariengatik. Nazionalismo kontuak albo batera utzi behar dira, naturaltasunez”. Honen aurrean, Jaurlaritzak prest du euskal selekzioa nazioartean hauspotzeko kanpaina iraultzaile berria: Naziometroari eskatzea selekzioari buruzko galdera kentzeko.