(H)asteko argazkia dut gustuko

argia
0
EFE/EPA/JON ROWLEY

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Duela gutxi jakin dut gure haurtzaroko irakasle batek gustuko duela ARGIA irakurtzea. Horixe duela asteko plazeretako bat. Asteko argazkia omen du gustuko. Besteren artean. Eta egia esan, nik ere atsegin dut atala. Hortik heltzen diot normalean aldizkariari. Indartsuak iruditzen zaizkit irudiak. Aktualak. Nazioarte mailako aldizkarietara eramaten dit burua. Galdetu dut zein den erredakzio-taldean atal honen inguruan egiten den balorazioa eta hona datuak.

Zerrendatu berri dituzte argazkitan zenbat eta zein herrialde agertu diren sail honetan, zein gairi lotutako irudiak izan diren, protagonista nor izan den, egileak nor izan diren eta testuak nork erredaktatu dituen. Kontent dira emaitzak ikusita, beti izanik hobetzeko zirrikitua. Beranduegi-ren ondotik blogik bisitatuena da asteko argazkiarena.

Bilatzen ahalegintzen dira oreka bat beti, begiak betiko lekuetatik altxa eta protagonismoa merezi duten munduko beste hainbat txokotan fokua jarriz. Nazioarteko irudiak hogeita sei izan dira. Euskal Herrikoak beste hainbeste. Biak biltzen dituztenak hamaika. Eta nazioartean ez dira gehiegi errepikatu herrialdeak. Frantzia dago hiru argazkirekin sailkapen taulan lehen, AEBei bi aldiz eman zaie lekua, eta ondoren dira beste hogeita bat herrialde 2020ko urtarriletik hona espazio hau astebetez osatu dutenak: Israel, Honduras, Espainia, Kanaky, Libano, Venezuela, Hego Sudan, Suitza, Katalunia, Kongo eta beste hainbat.

Koronabirusak izan du protagonismorik handiena azken urte eta erdian. Hamabost aldiz izan da hizpide atal honetan. Errefuxiatuen gaiak eta euskal presoenak jarraitzen diote zerrendan launa argazkirekin. Feminismoak eta hondakinek jaso dituzte hiruna astekari, eta aniztasun handia dago bat edo bi argazki eman zaizkien gaietan. Etxegabetzeak, kolonialismoa, multinazionalak, kalamuaren legalizazioa, antifaxismoa, euskara, kaleko artea eta abar luze bat.

Hogeita bat emakume eta hogeita lau gizon izan dira protagonistak. Biak agertu dira bederatzi argazkitan eta hogeita hamaika izan dira zuriak eta hogeita lau beste arrazetakoak. Dani Blanco da etxeko argazkilaria eta honenak izan dira zazpi irudi. Beste hainbeste Foku-renak ekarri dira paperera. Baina badira Ekinklik, Ecuador Etxea, Idoia Zabaleta, Unai Beroiz, Jordi Borras, Kauldi Iriondo, Hans Lucas eta beste hainbeste argazkilari. Eta hemen dago hutsunea. Jabetu zara, irakurle? Emakume bakarra dago egileetan. Hori du ARGIAk erronka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA