Mixtapea atera du Xabi Hoo bizkaitarrak: 003 –bere barrutiaren zenbakia Bilbon–. Asian, Berlinen eta Latinoamerikan sortu ditu letren zati batzuk, munduan bogan dauden erritmoen gainean.
Badok.eus-en egin berri dioten elkarrizketan “abangoardiaren maitale” definitu du bere burua, baina aurreraxeago “momentuan egiten dena” maite duela esan digu. Iruditu zait kontzeptuak nahasteak mesede gutxi egiten diola irakurleari eta orokorrean kulturgintzari. Uste dut ezin diogula abangoardia deitu R&B eta neo soul harmonia gabeko Justin Bieberren gisako kantak egiteari.
Erritmoetan aniztasuna sartu nahi arren, ez du lortzen mixtapearen garapenean freskotasunik, minimala bilatzean huts samarra geratzen da eta. Letrek harritu naute gehien, batez ere ezer gutxi kontatzen delako. Ilargia konplizetzat hartzearen falazia –bi bider hiru kantatan–, tunelaren eta iluntasunaren alegoria eta maitatua ez den pertsonaren korrespondentzia falta. “Zure antza dauka / baina maite nau zuk baino gehiago” [sic]. Oso ideia eta irudi sinpleak dira, garapenik gabeko istorioetan.
Badok.eus-eko elkarrizketan euskal musikan dauden “gabeziez” hitz egiten du eta estilo batzuk euskaraz entzuteko jendeak dituen zailtasunez. Benetan uste dut, horrelako lan eta diskurtsoek ez dutela bereziki laguntzen euskaraz musika entzutera bultzatzerakoan. Euskaldun gazteek trapa eta reggaetoia eta drilla eta dembowa eta afrohousea... eta nik zer dakit zenbat estilo entzuten dituzten bata bestearen atzetik, saltoka, sare sozial digitalen algoritmoek bideratuta. Kontua da entzuten diren musika horiek etiketa bat baino askoz gehiago direla, mugimendu sozialak, eta batzuetan politikoak dira, lekuan lekuko komunitatean errotutakoak, kontatuak izatea merezi duten istorio harrigarriak.
Belaunaldi bakoitzak bere soinu banda egin behar du eta hori ez da estilo kontua. Walter Benjaminek aipatua da ez dagoela ezer antiafrodisiakoagorik aurreko belaunaldiaren moldeei jarraitzea baino. Gehitu dakioke ere, belaunaldi batez mozorrotzea, Simpsondarretako Burns jaunak bere txano morea jartzen duenean bezala.
Azken bost urteetan izugarri aldatu da euskal musika. Euskaraz lehenago egin ez diren estilo mordoa ari dira jorratzen. Hala ere, ezin dugu “olatu berriaren” zakuan autotune eta 808 erritmo kutxak erabiltzen dituen edonor sartu. Badirelako –aurreko batean esaten genuen bezala–, garaiari kantatzen diotenak, eta berau ulertzen eta eraldatzen dutenak, batetik; eta bestetik, ezer berria eskaini gabe moda berriaren etiketak baliatu nahi dituztenak “olatuan surf egiteko”. Eta ez dira gauza bera.