Manu Agirre mendizaleak aurkitu du euskaraz dakien ertzaina, Zabalburuko polizia-etxeko soto batean. Duela 25 urte hasi zen bertan lanean, baina bi urtera desagertu egin zen, nork, nola eta zergatik ez dakigula. Oso maitea zen Ertzaintzako kideen artean, ‘Casero’ deitzen zioten maitekiro. Halere, haren desagerpenaren erruz, urte hauetan guztietan Bilboko komisaldegietako agenteak behartuta egon dira, gogoz kontra, herritarrak beti gaztelaniaz artatzera. “Jendeari behin eta berriz, ‘sí, espere un momento, que busco al vasco‘ etengabe esatea guretzat ez da batere xamurra izan, jakinda ez dela inoiz etorriko. Askok baja hartu behar izan du estresagatik”, esan digu Zabalburuko buru Zipri Ugartekok.