argia.eus
INPRIMATU
Gizartea, erakundeak, herria
Mikel Irizar @mirizarintxaus 2021eko maiatzaren 28a

Hamarkadetan ametsa izan dut gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena uztarrian lotzea. Erabat sinetsita nago hori dela herri moduan aurrera egiteko daukagun bide bakarra. Gure erakundeak ahulak dira, eta pandemiak eman digu horren neurria; gure gizartea ez dago bere onenean, eta pandemiak areagotu egin ditu bestela ere bistaratzen ari ziren hainbat ahulezia. Euskal herrigintza eraginkortasuna galtzen ari da, bi arrazoi medio: inertzia indartsuak daudelako asimilazioaren alde, eta ez dugulako behar beste indar egiten haiei aurre egiteko. Gizartea, erakundeak eta herria lerro berean jarri beharrean gaude, iraungo badugu.

"Aurrean daukagun arriskua da asimilazio erabatekoa, herri moduan ez pentsatzea, etorkizuna euskaratik ez irudikatzea"

Horretarako, ordea, mesfidantza asko ikusten ditut oraindik ere. Agerikoa da ez gaudela duela hamar urteko egoeran, elkarrenganako begirune handiagoa dagoela gaur, orduan zegoena baino. Erakunde publikoetan kolore bat da nagusi eta gizarte dinamiketan beste bat (bestea, zintzoago esanda); eta horrek baldintzatu egiten ditu harremanak, behar beste gainditu gabe dauzkagulako aurreiritziak. Oraindik ere ohikoa da erakunde publikoak gizarte eragilea susmopean jartzea, eta diru-laguntza edo kontratu bidez mendean hartu nahi izatea, gehiegi endredatu ez dezan; eta, kontrara, gizarte eragilea erakunde publikoaren beldur izatea, hark bere indar posizioa baliatu dezakeelakoan honen aurka egiteko.

Baina, mesedez, ez dezagun perspektiba galdu. Herri gisa, eta hiztun komunitate gisa daukagun arazo nagusia ez da diru-laguntza bat edo elkarrenganako mesfidantza; aurrean daukagun arriskua da asimilazio erabatekoa, herri moduan ez pentsatzea, etorkizuna euskaratik ez irudikatzea. Hor daukagu lehentasun komuna. Eta bilakaera horri etena jartzeko alboratu beharrean gaude interes txikiak, setakeriak, eta etxeko haize erroten aurkako epopeiak. Gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena sendo uztartuta aukera izan dezakegu galbideari aurre egiteko. Lankidetza publiko-soziala da herri garapena elikatzeko daukagun energia iturririk ahaltsuena, ia bakarra.

Ezagutzen ditut norabide horretan egosten ari diren prozesuak, itxaropena pizten dutenak. Horietan ere, aldiro agertzen dira atzera begirako beldurrak, baina gero eta posibleago ikusten da  gainditzea. Kontua da, prebentzio guztien gainetik argi izan behar dugula denok biziraupena daukagula jokoan erronka honetan, aurrera ez egiteak amildegira hurbiltzen gaituela. Apokalipsia ez dut gogoko, baina une honetan japilandia ikusten dut arriskutsuago.