argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bizilagun onak
Aritz Galarraga 2021eko maiatzaren 12a

Ez dakit adina izango den, baina gero eta zailagoa zait liburu bat, liburu konkretu bat, bila ari naizen liburu hori aurkitzea etxeko apalategietan, denbora tarte arrazoizko batean –azkenean beti bukatzen baitut aurkitzen, hain da handia nire burugogorkeria–. Garai batean ez zen hala, azkar samar aurkitzen nuen bilatzen nuena. Eta seguru ez dela oroitzeko gaitasunaren gutxitzea soilik; apalategiak betetzen dituzten liburuen bolumen gero eta handiagoak ere izango du zerikusia, eta bolumen gero eta handiago horrek apalategien barne ordenan, segur aski nik bakarrik ezagutzen dudan ordena horretan eragin duen desordenak. Uste dut iritsi dela eguna: ordena berri bat eskatzen du gure bibliotekak.

Baina zein da biblioteka baten ordena egokia? Areago, ba ote dago ordena egokirik? Eta areago oraindik, zer demonio da ordena deitzen dugun hori? Roberto Calassori kasu eginez gero, biblioteka baten ordena egokia ezin daiteke izan plurala baino, biblioteka hori erabiltzen duen pertsona bezain plurala behintzat. Batzuetan berregin dezake erabiltzailearen pentsamenduaren egitura. Baina biblioteka perfektuaren urrezko araua beste bat da, bizilagun onarena: alegia, liburu jakin bat bilatu, baina ondoan dagoen liburua hartzen bukatzen baduzu. Liburu batzuk ez baitira eskuratzen berehalakoan irakurtzeko, baizik eta denbora batera. Maiz sorpresa hartzen da, bazeneukala ere ez zenekien liburu bat aurkitzean. Izan daitezke gainera liburu egotziak, beste lekuren batetik kanporatuak, trabagarriak. Zutabe hauetan beti paratuko gara irakurketa salbaiaren alde.

Biblioteka bat ordenatzeak ur sakonak mugi ditzake. Biblioteka bat ordenatzeak inoiz ez du soluziorik izango, are ez luke soluziorik izan behar, etengabeko mugimenduan dagoen organismoa baita. Biblioteka bat izan beharko litzateke plazer hutsez begiratzen duzun paisaia bat. Beste baterako utziko dut berriz ordenatzeko lana.