Iurretara heldu, ilobak Twitter izeneko gauza ezezagun bat erakutsi, 15 minutuz irakurri, lehen biribilgunea hartu eta Kubara itzuli da Joseba Sarrionandia geldialdirik egin gabe. “Jaso ditudan zientoka mezu ustez hunkigarriki poetikoek gain hartu naute”, dio, mojitoa eskuan, lasai. “Ez nekien horrelakoetan nor den orok zer edo zer esan beharra duela, zenbat eta modu ederragoan hobeto, eta okerrena ez da hainbatek erabili duten poesia merke hori…”, azaldu digu. Zumaiako Eroski bidaia agentziak antolatu duen “We say Sarri Sarri, and it’s beautiful“ moduko tour turistikoez kexu da Iurretako influencerra. Sarri bertatik bestera gozatzeko eta ukitzeko ‘autobusa+hotela+antzezpena+pintxo-mojitoa” pakete mordoa saldu dute egunotan. “Jon Maiak egingo ditu gidari-lanak bozgorailua hartu eta azalpenak emanaz honetaz eta hartaz, eta horrek jende asko erakarri du”, esan digute agentziakoek. Eta gero jarraitu dute hizketan Sarrik berriro alde egin izanak duen xarmaz.