argia.eus
INPRIMATU
Patinatzaileen eta gaixo kronikoen zaindari
  • Schiedam (Holandako konterria, Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1433ko apirilaren 14a. Lidwina izeneko emakumea, sendatzailetzat eta santutzat zutena, hil zen 53 urte zituela; patinatzaileen eta gaixo kronikoen zaindari da egun.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko apirilaren 13a
Lidwina izotzetan erorita, 1498ko bere biografia bateko irudian. (arg.: Johannes Brugman)
Lidwina izotzetan erorita, 1498ko bere biografia bateko irudian. (arg.: Johannes Brugman)

Schiedam (Holandako konterria, Germaniako Erromatar Inperio Santua), 1433ko apirilaren 14a. Lidwina izeneko emakumea, sendatzailetzat eta santutzat zutena, hil zen 53 urte zituela, eta berehala haren hilobia pelegrinazio gune bihurtu zen katolikoentzat. Leon XIII.a aita santuak 1890ean kanonizatu zuen ofizialki. Schiedam jaioterriko patroia izateaz gain, patinatzaileen eta gaixo kronikoen zaindari ere bada Lidwina katolikoentzat, eta apirilaren 14a da haren eguna.

1380ko apirilaren 18an jaio zen Lidwina, laborari familia baten baitan. 15 urterekin, izotzetan  patinatzen ari zela erori zen eta saihets bat hautsi zuen. Istripu hartatik ez zen sekula osatu eta, garaiko kronikarien arabera, paralisia gorputz osora zabaldu zitzaion, gorputz atalak erortzen zitzaizkion eta maiz odola zerion ahotik, sudurretik eta belarrietatik. Beti ere garaiko testigantzek diotenez, baraualdi luzeak egiten zituen, ez zuen sekula lorik egiten eta beste gaixoak sendatzeko gaitasuna zuen.

Horregatik lotzen dute katolikoek patinatzaileekin eta gaixo kronikoekin. Zientzialari komunitatearentzat, ordea, Lidwinak beste balio bat du. Garaiko testuek deskribatzen dituzten sintomak kontuan hartuta (paralisia, hortzetako mina, buruko mina, ikusmen arazoak, arintze garaiak…), badirudi ez zirela patinatzen izan zuen istripuaren ondorio zuzenak izan, esklerosi anizkoitzaren ondorio baizik.

Testigantzak tentuz aztertu behar dira, Lidwinaren santutasuna baieztatzea helburu izanik, esajeraziorako joera nabarmena baitute, eta horrek historialarien eta patologoen lana zailtzen du. Baina diagnostikoa posibletzat jotzen dute eta, hala, horixe litzateke, sinesgabeentzat behintzat, Lidwinaren “mirari” nagusia: esklerosi anizkoitzaren deskribapenik zaharrena izatea.