Egunean Behin-eko “Patatarik jakintsuenak” taldeko sailkapenean beti azkena geratzeaz nazkatuta, bere lehengusu baten kontua ordezkatzen saiatu da Iruz Urralar gasteiztarra, haren puntuazioa bere izenean agertzeko. Jokaldi ustela izan da ordea. Code & Syntax-eko teknikariek “mugimendu arraroak” sumatu dituzte aplikazioan, eta pottokiekin –munipak, gasteizeraz– kontaktuan jartzea erabaki dute. Haiek deskubritu dute amarrua, susmagarriak egun batetik bestera sei 10eko zituela ikustean, 7tik sekula pasa ez denean. Dato kalean atxilotu dute. Pare bat porrazo eman diote, baina didaktikoak, operazioan ezker abertzaleko borrocopak suertatu zaizkiolako Urralarri. “Nori okurritzen zaio, gaur arte ezinean ibili ostean bat-batean 10 galdera asmatzea, Jakoba Errekondok berak ere ezagutzen ez dituen landare batzuei buruzkoak tartean…”, adierazi du guardiako epaileak.