argia.eus
INPRIMATU
Desberdintasunaren pandemia
Mikel Zurbano 2021eko otsailaren 25

Espainiako Estatuak azken hamarkadetan nozitu duen hondamendi ekonomiko handienaren erdian bertan desberdintasun ekonomikoak gora egiten ari dira. Oxfamek Davoseko foroaren testuinguruan argitaratutako txostenak erakusten du 2020 urtean Espainiako Estatuko mila milioidunen kopuruak gora egin zuela 26 izateraino eta hauen ondarea %33 igo zela urte bakar batean. Txanponaren beste aldean, bere lana edo negozioak galdu edo narriatzen ikusi duten pertsona ugari daude. Eta lehendik ere oso zabaldua zegoen pobreziaren arrisku egoera areagotu egin da horietako askorentzat.

Pandemia garaiko mila milioidunen aberastasunaren hazkunde hau gaixotasunari aurre egiteko ezarritako neurri nagusietako baten kostua bera gainditzen du, aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteena (AEEE-ERTE) alegia. Halaber, aberatsenen sarrera igoera hori iazko osasun gastuaren gehikuntza baino lau aldiz handiagoa izan da.

"2020 urtean Espainiako Estatuko mila milioidunen kopuruak gora egin zuen 26 izateraino, eta hauen ondarea %33 igo zen"

Azterketaren arabera, COVID-19aren eraginak aurreko krisiaren urte gogorrenetan nozitutako desberdintasun indizeak berrezar ditzake. Eta arrisku horren oinarrian zaurgarrienak diren pertsonen enplegu galera dago, hots, gazte, emakume eta migratzaileena. Egunean 16 euro baino gutxiagorekin pobrezia egoera larrian bizi diren pertsonen kopurua 5,1 milioikoa izatera hel liteke Estatuan. Beraz, pandemia aurretik biztanleriaren %9,2 izatetik %10,86ra igoko litzateke aurten.
Txostenaren esanetan AEEEak funtsezkoak izan dira pobreziaren eta desberdintasunaren igoera mugatzeko, 700.00 pertsona baino gehiago pobrezian erortzeko arriskua saihestuta. Bestalde, onartu zen bizitzeko gutxieneko diru sarrera aurreikusitako 850.000 etxeetatik soilik 160.000ra iritsi da, gobernu zentralaren esanetan. Joan den urteko bigarren zatian diru sarrera zegokien etxe guztietara iritsi izan balitz 277.000 pertsona pobreziatik ateratzea lortuko zukeen.

Horrenbestez, politika publikoetako esku hartzea funtsezkoa izaten ari da pandemiaren krisiaren eragin kaltegarrienak leuntzeko, AEEEek eta gutxieneko diru sarreraren lerroek erakusten duten moduan. Oxfamen txostenak neurri sorta zabala proposatzen du desberdintasunaren igoera honen errotzea sahiesteko. Besteak beste, AEEEak ordezkatzeko enplegu politika alternatiboak garatzea aholkatzen du erakundeak. Horretarako eredu produktiboaren hobekuntza, enplegu duina bermatzen duten enpresentzako laguntzak, eta behin behinekotasuna, aldi baterakotasuna zein azpikontratazioa arautuko dituzten neurriak indarrean jartzea lehenesten du. Aldi berean, gutxieneko diru sarreraren estaldura hedatzea eskatzen du, haurren pobreziaren jaitsieran azpimarra ipinita.

Nolanahi ere, esku hartze integrala eskatzen du desberdintasunen aurkako borrokak eta hemen gakoa, beste behin ere, zerga politikaren norabide aldaketa da, errentaren birbanaketa bidezkoagoa gauzatzeko tresna nagusia den neurrian. Zerga progresibitatea aldarrikatzen dute Zucman eta Sáez ekonomialariek ere bere azken liburuan (Injustiziaren Garaipena) muturreko desberdintasunen aurka egiteko. Oxfamek norabide bereko zerga erreformaren alde agertzen da bere txostenean. Progresibitatearen aldeko erreforma, zerga ihesaren eta saihestearen kontrako neurriak indartzea ekarriko duena. Ezin dugu aipatu gabe utzi azkeneko hamarkadan sozietateen gaineko zergaren pisua nabarmen jaitsi dela eta pandemiarekin are gehiago hondoratu dela.