argia.eus
INPRIMATU
Bost urteko kartzela zigorra 129 emakume biluzik grabatzeagatik
  • Fiskaltzak 409 urteko kartzela zigorra eskatu zuen modelo agentzia bateko buru zen Daniel L.O.rentzat. Epaiketak gaur hasi behar zuen Nafarroako Auzitegiko bigarren sekzioan, baina aldeak akordiora iritsi dira eta 115 urteko kartzela zigorra onartu du akusatuak. Bost urte egingo ditu kartzelan.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 01a
Nafarroako Auzitegian iritsi dira akordiora aldeak eta bost urteko zigorra bete beharko du akusatuak. Argazkia: Euskalerria Irratia.

Euskalerria Irratiak jakinarazi duenez, 380.000 euroko kalte-ordaina eta 798.000 euroko isuna ordaindu beharko du. Fiskaltzak akusatuari sekretuak aurkitu eta ezagutarazteagatik intimitatearen aurkako 129 delitu egotzi dizkio, baita adingabeak galbideratzeagatik ere.

Akusatuaren etxean CDak eta DVDak aurkitu dituzte eta emakumeen argazkiak eta bideoak biltzen dituzten USB gailuak ere bai. Interneten zabaldu dituen arrastorik ez dute aurkitu. 2013, 2014 eta 2015 urteetakoak dira gertakariak. Iruñeko modelo agentzian argazkia ateratzen zien emakumeei, arropa jantzita eta haien izena jartzen zuen karteltxoa eskuan zutela. Ondoren, bainuko arropa jartzeko eskatzen zien eta hori egin bitartean gelatik ateratzen zen. Gelan, tripode gainean, kamera uzten zuen piztuta grabatzen, emakumeek halakorik jakin gabe.