argia.eus
INPRIMATU
Julian Assangeren kasua
Kazetaritzaren aurkako gerra zikina
Axier Lopez @axierL 2020ko abenduaren 24a
Argazkia: H. Nicholls - Reuters
Argazkia: H. Nicholls - Reuters

2010ean, WikiLeaksek, komunikabide handi batzuen laguntzarekin, dokumentu "sekretuen" historiako filtrazio zabalenetako bat argitaratu zuen. AEBetako inteligentzia zerbitzuen 700.000 fitxategi baino gehiago, gobernu eta estatu askoren jarduera diplomatiko eta militar opako eta ankerrak agerian utzi zituztenak. Besteak beste, Iraken Abu Ghraibeko presoei AEBetako funtzionario publikoek egindako tortura basatiak eta hainbat gerra-krimen. Ezagunena, 2007ko uztaileko zibilen sarraskia Bagdaden, hamabi hildakoen artean zeuden Reuters agentziako Saeed Chmagh eta Namir Noor-Eldeen kazetariak.

Inor ez dute epaitu eskandalu andana horiengatik. Bai, ordea, ausardi handiz informazioa filtratu duten pertsonak –Chelsea Manning eta Edward Snowden dira ezagunenak– eta kazetari asko. Beste batzuen artean, Julian Assange Wikileaksen sortzaileetakoa. AEBetako gobernuek –berdin Obama ala Trump–  parekorik gabeko jazarpena antolatu dute nazioartean, hedabide baten eta atzerriko herritar baten aurka –Assange australiarra da–.

Assangek hamar urte daramatza askatasunik gabe. Lehenik, etxean atxilotuta; ondoren, zazpi urte igaro ditu eguzki argirik edo aire freskorik gabe Ekuadorko enbaxadaren barruan Londresen. 2019ko apirilean kanporatu eta atxilotu zuten, kazetariaren eta bere senide eta abokatuen aurkako espioitza estrategia baten ondoren –enbaxadako segurtasunaz arduratzen zen enpresa espainiar batek kamerak eta mikrofonoak jarri zituen gela guztietan AEBetako zerbitzu sekretuek eskatuta–.

Egun segurtasun handiko kartzela batean dago Londresen, erabat bakartuta. Haren osasunaz kezkatuta, 200 bat medikuk gutuna argitaratu dute, buruaz beste egiteko arriskuaz ohartarazteko. NBEko torturari buruzko kontalari berezi Nils Melzerrek adierazi zuen "epe luzeko tortura psikologikoa jasan izanaren sintoma tipikoak" dituela.

Urtarrilaren 4an Assange AEBetara estraditatu ala ez erabakiko du epaitegi britainiar batek. 175 urteko kartzela-zigor eskaera du zain AEBetan. "Ez ezazue estraditatu" izenburupean halaxe zioen The Guardian egunkariak abenduaren 18ko editorialean: "AEBetan egozten zaizkion karguek demokraziaren eta prentsa-askatasunaren oinarriak ahultzen dituzte bi herrialdeetan".

Wikileakseko burua izateagatik atxilotu dute. Herritarrok informazioa eskuratzeko dugun eskubidea bermatzeko asmoz sortu zuten agentzia. Wikileaksek ez du informaziorik lapurtu eta ez du sistemarik hackeatu. Informazioa partekatu nahi duten herritarrei konfidentzialtasun-bermeak eskaini dizkie, ondoren komunikabideetan zabaltzeko. Kazetaritza, alegia.

Kazetariek iturri anonimoetatik lortutako egiazko informazioa argitaratzea ez da delitua. Assange estraditatzen badute, kazetari independenteak babesgabeago egongo gara boterearen gehiegikeria kontrolatzeko ezinbesteko lanean.