“Ekonomia eta osasun-neurriak bateragarriak izan daitezen, neurri berriak hartuko ditugu urtarriletik aurrera”, adierazi dute Euskal Herriko erakunde publikoek eta patronalak prentsaurreko bateratuan. Eguberrietan tabernak ireki eta kontsumoa bultzatzeko erraztasun guztiak eman ondoren sortuko den hirugarren covid olatua aurreikusiz, formula berrien momentua dela uste dute. “Tabuak hausteko ordua da: ZIUko ohe batetik lan egin daiteke”, adierazi du Francisco Ustiatuk enpresarien izenean. Covidak eragindako “absentismo laborala” kritikatu du, bereziki “ZIUko ohe batean daudelako lanik egin ezin dutela dioten horien jarrera”. Ustiaturen ustez, “gehiago egin daiteke” zainketa berezien unitatean egon arren eta horrek “efektu positiboak izango ditu ekonomian; guztion onerako izango da”. Ospitaleetan dagoeneko beharrezko moldaketak egiten ari dira, azken hatsa eman arte ekonomia bultzatzea posible izan dadin.