Disney Plus plataforma euskaratzeko zenbait gurasok abiatu duten bidetik, Xvideos plataforma ere atzerriko hizkuntzetan bakarrik ikus daitekeelako kexu agertu da Kopulazio Autonomoa Normalizatzeko Plataforma Arabar Independentea (KANPAI). Sinadurak biltzen hasi dira Internet bidez, Euskal Herriko instituzioak inplika daitezen, “gutxienez erreferentziazko porno webgune bat euskaraz eduki dezagun”. Ekimena bultzatu dutenen ustez, “ziminoak bezala lukainka astintzen ari garenean ez dugu zertan gaztelania edo frantsesa entzun, hori ere hizkuntza-politika da”. Gaia delikatua da ordea, eta sare sozialetan atxikimendu-kanpaina jotzen hasi direnetik eztabaidak ez du etenik izan. Urtzi Bertakoetxea kazetariak, adibidez, uste du pornoa bikoiztea garestiegia dela eta “Europan egiten den bezala” azpititulatzea litzatekeela aukerarik onena. Dena den, 48.000 sinadura lortuta, Eusko Jaurlaritzak onartu du gaiak aurpegian zipriztindu diela eta KANPAIrekin biltzeko prest agertu dira “bi eskuak agerian dituztela agertzen badira”.