San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari, baita baimena lortu ere.
Euskal jatorrikoa izaki, Díaz Vélezek hauxe adierazi zuen eskaera horren amaieran: “Azkenik, Guernica proposatzen dut herri berriaren izentzat, Euskal Herriko askatasunarentzat hain esanguratsua den izen horren oroimena herrialde honetan betikotzeko asmoz, eta nire familiaren nahiz Argentinan arrasto iraunkorra utzi duten beste hainbaten arbasoen aberria omendu nahian”.
Hiru urte geroago jatorrizko Gernikan gertatutakoak izen horren oroimena Argentinan eta handik kanpo betikotzen lagundu zuen, zoritxarrez, baina Mathilde Díaz Vélezek bere ahaleginean jarraitu zuen. Guernica berriaren tren geltokiari López Camelo izena jarri zioten, baina 1940an fundatzaileak izena aldatzeko izapideak abiatu zituen. 1948ko martxoan lortu zuen geltokiak ere Guernica izena izatea.
Lur horiek Mathilde Díaz Vélezen familiarenak izan ziren 1859ean enkantean erosi zituztenetik. Aurrez beste hainbat jabe pribatu izan zituzten. Eta, hori baino lehen, 1618tik aurrera, frantziskotarrek kerandien komunitate bat ezarri zuten bertan. Beraz, jatorrian, lur horietan kerandiak bizi ziren, baina frantziskotarrak iritsi zirenean, 250 besterik ez ziren geratzen inguru haietan. Beste hainbat indigena komunitaterekin gertatu bezala, mestizaiak, Europatik eramandako gaixotasunek eta europar kolonizatzaileekin izandako gatazkek jarri zituzten kerandiak galbidean. Zehazki, 1586an Rodrigo Ortiz de Zaratek zuzendutako eraso militarrak eman zion kerandien populazioari kolperik latzena; Guernicako fundatzailea bezala, Ortiz de Zarate ere euskal jatorrikoa zen, Valladoliden jaio arren, gurasoak bizkaitarrak baitzituen.
Guernicak 80.000 biztanletik gora ditu gaur egun, eta azken aldian komunikabideetan azaldu da. Covid-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz, joan den uztailean hainbat familia Guernicako lursailak okupatzen hasi ziren, lurrak lantzeko eta bertan bizitzeko. Ofizialki, gutxienez 1.080 familia bildu ziren bertan. Baina urriaren amaieran 4.000 poliziek etxolak suntsitu eta familia guztiak indarrez bota zituzten.