Erreferendumerako egun gutxi falta direla, zein giro da Kanakian?
Tentsioa sendi da, arrazoi askorengatik. Tartean, Frantziako Gobernuak eskua sartzen duelako herri barneko aferetan, izan nikelaren ustiapenari ala bozkatzaileen zerrendari dagokienez. Koronabirusaren biharamun honetan egunerokoa goibela dugu, ekonomia zailtasunetan da; baina aldi berean pandemia horrek argiki erakusten digu independentzia dugula onerantz egiteko bide bakarra.
Aldekoen eta aurkakoen artean zer nolako giro duzue?
Noumeako akordioak bizi izan zituztenak kanpaina egiten dabiltza. Eztabaida badago plazan eta bi proiektuak dira parez pare jarriak. Hala eta guztiz ere, desoreka handia dago tokiko komunikabideetan. Egunkari bakarra dugu eta ezetzaren aldekoek dute honen kontrola; noski, horrek ondorioak ditu kanpaina garaian. Hor ere Paristik datoz tentsio batzuk –tartean, Frantziako bandera eta ereserkia erabiltzeko baimena eman izana, bozka-araudiak hori debekatu arren–.
2018an ezetza gailendu zen, baina, baietzak %43,3 bildu izanak sorpresa eragin zuen. Aldi honetan zer espero duzue?
Independentzia! Baikor gara, beste hainbat egiturak ere egin duelako baietzaren alde kanpainan. Pentsa, Eliza ere baietza bozkatzearen alde agertu da. Iruditzen zait jendeak ulertu duela kanpaina ez dela bakarrik politikarien kontu bat, eta guztien esku dela kanpaina egitea bere familian, auzoan, leinuan, eta abarretan.
1980. hamarkadako gatazka politiko bortitzaren emaitza da erreferenduma. Belaunaldi gazteak ezagutzen ote du zuen historia?
Lan handia dago egiteko historiaren transmisioari dagokionez. Hala ere, errango nuke FLNKSko gazteriak informazio eta kontzientziazio lan hori egiten duela.
Kanpainan beldurra erabiltzen ari dira ezetzaren aldekoak.
Beldur horrek erosotasun kolonialean du oinarria. Baina haratago joan eta gure herriaren benetako erronkei begiratu behar diegu: kapitalen ihesari edo baliabide naturalen ustiaketari, adibidez.
Erreferendumaz gain, nola doa zuen mugimendu independentista?
Gure herriaren askatasunaren eta justiziaren aldeko borroka da hau. Kontsumo eredua galdekatzera eraman gaitu koronabirusaren krisiak eta bai, gure independentismoa bestelako jendarte baten alde eta klima larrialdiaren aurka dago argiki. Egunero ditugu gogoan herriaren alde borrokatu ziren gure arbasoak, baina aldi berean, biharko belaunaldiarentzat gabiltza.