Ikasturtea hastearekin bat, berri-emaileak bidali ditugu eskola atarietara, bi multzotan sailka daitezkeen gurasoen sentipenak ezagutzeko. “Kezkaturik” eta “haserre” aurkitu ditugu gutxi batzuk, egoera berriak gain hartuta. Gehiengo isila, ordea, kilometroko irribarrea ahoan duela agertu da. “Ez, ez da Nekane Murgak kargua utzi duelako”, esan digu aita batek: “Gogorra da umeengandik aldentzea, panorama xelebrea dugu, baina zera, irakasleek ere lan pixka bat egin beharko dute, ala?”. Eta ama batek ihardetsi: “Berdin dit denbora guztia youtuber artaburuen bideo inozoak ikusten pasatzen badute, tik-tok koreografia txatxuak grabatzen, paretaren aurka errezatzen edo euskal gazte iraultzaile sozialisten zuhaitz genealogikoa aztertzen. Bost axola, baldin eta ikastetxean mantentzen badituzte”.