argia.eus
INPRIMATU
Zubieta 8
Koldo Aldalur Hirigoien 2020ko uztailaren 20a

Orain hurrena gertatzen zen. Punta batetik bestera joateko Donostia bezalako “metropoli” izugarri batek derrigorrezko duen topoaren zulatze lanak heldu dira aberaskiloen etxepera. Zubieta 8 parean urak, ihesean, bere bidea topatu nahi eta zulokote ederra egin du. Lehenaz gain, egoera “danteskoa” bertan. Eta ondorioak ere, ikaragarriak. Pentsa, etxepe horretako bizilagunek bi egun oso eman behar izan omen dituzte hiriko lau izarreko hotel ziztrin batean. Kontxan ia murgilduta, musu truk jan eta edanez, izara irristakorretan jolastuz, sala dotorean bilerak eginez, bizitza zein gogorra izan daitekeen elkarri kontatuz eman dituzte kezkaz betetako orduak. Agian, herritarren artean diru bilketa egitea ere otu zitzaien, urruti ez zituzten denda dotoreetan aldatzeko behar zituzten arropak erosteko. Ez zuten egin. Han konfinaturik zeudenak ez daude eskatzen ohituak, exijitzen baizik.

"Mintzen nauena da kazetariak bere editoreari babalore hark zer esan zion aurkeztu zionean, honek kortea informatiboetan sartu izana"

Udal teknikariek azkenean etxera itzultzeko libre utzi zituztenean, hotelean deportatuta egon zenetako bat –erretreta garaira iritsitako gizonezkoa–, eta albistea jarraitzera bidali zuten kazetaria bildu ditu patuak.

–Nola ari zarete bizitzen egoera hau?

Itzulpen guztiek bidean zerbait uzten eta, sarri, moldatzen badute ere, hona desgrazia ikaragarri hark zartatutakoaren erantzuna hitzez hitz: “Oso kezkatuta gaude. Inoiz gertatu behar ez zuen egoeraren ondorioz gaude horrela, Txernobylen edo Auschwitzen antzera. Lurpeko tunel horiek turisten bisitaldiak egiteko erabili beharko lituzkete agintariek. Hau aberrazio hutsa da”.

Zenbaki hutsetan murgiltzea errealitatea ezkutatzea izan ohi den arren, gogoratu behar da Poloniako Auschwitzen 1940ko maiatzetik 1945eko urtarrilera, behetik jota, milioi bat pertsona hil zituztela, gehienak juduak, homosexualak, elbarriak, ijitoak eta preso politikoak. Gertakariok aipatze soilak matrailak gorriarazi beharko lizkiguke.

Ukrainako Txernobylen, 1986ko apirilean izan zen istripuak –hau bai eufemismoa, “istripua”– 4.000 lagun hil zituen, eta ondorioak oraindik oso nabariak dira lur, ur, aire, baso eta, batik bat, bertakoen bihotzetan.

Okerrena ez da bi egun lau izarreko hotelean bizi behar izan zuen Zubieta 8ko bizilagun errukarriaren ezjakintasuna, intentzio txarra edo nahi duzuena. Ez, mintzen nauena da kazetariak bere editoreari babalore hark zer esan zion aurkeztu zionean, honek kortea informatiboetan sartu izana.

Jakin badakigun arren hitzak zentzuz kolorgeturik dabiltzala komunikabideetan, edozein astakeria zabal al daiteke? Hau adierazpen askatasuna al da? Non daude informazioaren eta desinformazioaren arteko mugak?