Europa, 1353. Izurri Beltzaren erasoaldi bortitzena, bost bat urte lehenago hasitakoa, arintzen hasi zen, pandemiak oraindik ere triskantzak ekarri zituen arren.
Europan 25 milioi hildako eragin zituen gutxienez eta Asia eta Afrikan, beste 40-60 milioi. Europan biztanleen herena hil zela esan ohi da, baina badira kopurua motz geratzen dela uste duten historialariak, eta portzentajea %60ra igotzen du zenbaitek.
Historialari marxisten arabera, feudalismoaren krisiak eragin zuen Izurri Beltzaren hondamena. Guy Bois (1934-2019) Erdi Aroko adituak zioenez, feudalismoaren “ondorio sozialak tamalgarriak izan ziren: nekazariak astintzen zituen pobretze prozesu gogorra hasi zen, eta horren froga izan zen 1300etik aurrerako heriotza tasaren hazkunde erregularra (…) Izurri Beltza ez da istripu bat, testuinguru horretan ulertu behar den zerbait baizik”. Feudalismoak ez zuen Yersinia pestis bakterioa sortu, baina ahuldutako biztanleez elikatu zuen.
Lan harreman feudalek pandemia bultzatu zuten bezala, izurriak handik aurrerako lan harremanen aldaketa eragingo zuen, nahiz eta orduan langileen eskubideen aldeko mugimendu artikulaturik ez izan.
Despopulatzea orokorra izan arren, larriagoa izan zen landa eremuan, hildakoez gain, nekazari askok hirietara alde egin zutelako. Hiriak pixkanaka pizten ziren bitartean, feudoetan eskulan krisi larria sortu zen. Errentak bizibide zituzten jauntxoek ikusi zuten beren lurrak hustuta zeudela, uztak nork jaso ez zutela, prezioek behera egiten zutela, diru-sarrerek bezalaxe. Lurrak oso merke saldu edo errentan ematea edo, bestela, nekazariei soldatak askoz handiagoak eskaintzea beste erremediorik ez zitzaien geratu. Izurri Beltzak, nolabait, “nekazaritza sektoreko negoziazio kolektiboan” ezusteko indarra eman zien langileei.
Eta burgesiari nekazaritzan inbertitzeko eta lurjabe gisa noblezia zaharra ordezkatzeko aukera eman zion. Jauntxo zaharrek produkzioa bultzatzeko erabiltzen zituzten estrategia sinpleak –lur azalera handiagoa lantzea, nekazariek lan ordu gehiago eginda–bertan behera utzi zituzten burgesek, une horretan ez zirelako bideragarriak. Laborantza metodo berriak eta lana arrazionalizatzeko tresnak sartu zituzten, nekazarien baldintzak hobetuz.
Baina, Izurri Beltzaren “lorpenak” mugatuak izan ziren. Erreforma haiek ez zuten eboluzio positiborik izango handik aurrera langileen eskubideei dagokienez, finean, ugazaba berriek betiko helburuak zituztelako: irabaziak handitzea. Eta langileen baldintzak horren menpe egongo ziren luzaroan.