argia.eus
INPRIMATU
Berreraikuntza kapitalista
  • Hemen dira Espainiako Estatuko kapitalismoaren ordezkariak, baita Hego Euskal Herrikoak ere, gobernuei eta administrazio publikoari norabidea markatzeko, pandemiarekin lotuta gauden krisi ekonomiko, sozial eta sanitarioaren aurrean. Galerak sozializatuta, orain ez dute etekinen pribatizazioa galdu nahi. Horretarako, Espainiako enpresak etorkizunaren buru izeneko goi-bilera egiten ari dira Madrilen, eta ekainaren 24an amaituko da.

Juan Mari Arregi 2020ko ekainaren 24a

Enpresa-talde handietako 130 enpresaburuk eta exekutibok baino gehiagok hartuko dute parte. Goi bilera horretan parte hartzen duten Ibex-eko enpresen 50 soldata onenak batuta, 200 milioi euro baino gehiago irabazi zuten 2019an; hau da, exekutibo bakoitzak batez beste 5 milioi euro kobratu zuen, langile baten batez besteko gastua baino 89,5 aldiz gehiago. Horiek dira berreraikuntza kapitalistaren etorkizuna diseinatzen ari direnak.

Hori bai, hain basatia izan ez dadin, berreraikuntza horretan "kapitalismo berriaren" tesia betetzen ari dira, batasuna, adostasuna, elkarrizketa soziala, parte-hartzea, abertzaletasuna eta enplegu egonkor zein kalitatezkoa ahotan darabiltela. Hala ere, ez dute ahazten beren nortasun estruktural kapitalista. Horregatik, inbertsiorako pizgarriak eta zerga-pizgarriak eskatzen ari dira altxor publikotik. Hau da, baldintza horiekin eskatzen ari dira lan-erreformari eustea, kaleratze jendetsuak merkatzea eta lan-mugikortasuna eta zergak jaistea, gobernuaren iragarpenen aurrean. Ez gehiago, ez gutxiago.

Enpresen goi-bilera kapitalista horrek Espainiako Estatu osoko ezkerreko talde sozial, politiko eta sindikalen berehalako erreakzioa eragin beharko luke, galerak berriro sozializatzea eta etekinak pribatizatzen jarraitzea eragozteko.