argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Biblioteka bat
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2020ko ekainaren 10a

Elias Canetti izan zen idazle bat, jaiotzez bulgariarra, jatorriz sefardia, alemana erabili zuena osatzeko bere obra. Familiakoek gaztelania, neskameek bulgariera, zazpi edo zortzi hizkuntza hitz egiten ziren jaioterrian, garrantzitsua zen asko ongi jakitea. Gurasoek alemanez egiten zioten elkarri, ordea, “ez nuen euren artekoa ulertzeko baimenik”. Aitarekin harreman ona zuen. Amari zuzenean zion herra, “aita hil ondoren alemana irakatsi zidan arte”, behintzat. Garai bikaina izan zen orduan hasi zena: “Alemanez egiten hasi zen ama nirekin”. Alemana, beraz, “berandu eta egiazko minekin landatutako ama-hizkuntza izan zen” Canettirentzat.

Mihia aske memoria liburuan kontatzen du hori guztia, eta amak zein mespretxurekin gaitzetsi zuen Stefan Zweigen Jeremias lana: “Papera! Lasto hutsa! Nabari da berak ez duela ezer bizi izan. Hobe luke Barbusse irakurriko balu, eta ez horrelakorik idatzi!”. Literatura berebizikoa baitzen Canettitarrenean. Aitarekin dagoeneko piztu zitzaion grina, “gerora taxutu nauen ia guztia aitaren maitasunak bultzatuta zazpi urterekin irakurri nituen liburu haietan jasota zegoela jada”. Aldiz garai hartako gauzarik garrantzitsuena, kitzikagarriena eta bereziena, alde handiz, “amarekin nituen irakurketa-arratsak eta irakurketa haiei lotutako solasak ziren”. Pentsa: “Fedeak inoiz eragin ez zion suharra sentitzen zuen Shakespeare irakurtzen”.

Nik ez dut halako irakurle-historia epikorik, noski. Ezin dut esan hamar urterekin jada klasiko guztiak irakurrita neuzkanik, kapaz nintzela Homeroz hitz egiteko aitamekin. Gure etxean ez zegoen irakurzaletasun handirik. Baina ezta irakurzaletasunaren kontrako jarrerarik ere. Are bazegoen biblioteka bat, minimoa, irregularra, nahikoa zeozer pizteko nigan. Gaurko egunetik, biblioteka txiki bat –eta ama-hizkuntza pare bat, ados–, ez nieke askoz gehiago eskatuko gurasoei. Ez diet askoz gehiago utziko oinordetzan seme-alabei.