argia.eus
INPRIMATU
Etxealdia ez da itxialdia
Arkaitz Zarraga Azumendi @azarramendi 2020ko maiatzaren 21

Etxealdi gogorra gurea! Inork irudika ez zezakeen egoera kafkarra. Martxoaren 17ko Teleberria astebete lehenago jarri baligute, ziplo eroriko ginen gehienok. Baina joan gara egokitzen; harrituta edo ikaratuta, baina etxean, zintzo.
Guztiok izan dugu hausnarketa sakonik, gehiegizko kontsumoaz, benetako lehentasunez edota txarrago daudenen egoeraz. Presoak ere izan ditugu gogoan. Inoiz baino gertuago sentitu ditugu. Pentsatu dugu, nolabait, gu ere preso gaudela, soma dezakegula zer sentitzen duten. Baina haiek ez daude etxealdian, itxialdian baizik. Pentsa zein handia den aldea, herri gehienetan itxialdikoak etxealdira bidali dituzte, gurean ez bezala.

Itxialdian ez dago bizkotxoak egiterik, ezta internet bidezko zumba saiorik ere. Osasuna ere ez dute bermatuta. Protokolorik gabe dabiltza, funtzionarioek sar dezaketen birusaren mehatxupean. Babes neurri nagusia itxialdia estutzea izan da. Etxealdian dendara irteteko aukera dugu, eta tranpak egiteko, orain ogia, orain esnea erostera irtenda. Itxialdian ekonomatuak itxi egin dituzte! Akabo lor zitekeen janari duin bakana. Eskuartean edo pantailan duzun aldizkari hau ere, ez zaie heldu hainbat astetan, inprimatzeak zekartzan arriskuak direla eta.  

"Komunikabideetan etxealdiaz eta deseskalatzeaz ari dira etengabe, baina, itxialdiaz zer? Neurrien zerrendetan ez dira ageri, eta premia dugu; berotzen hasi da Espainia sakonean, eta ziegetan neguko arropak dauzkate"

Itxialdian daudenei, etxekoen zaintza eta beroa ere ukatu dizkiete. Eta txarrena da ez dagoela argi noiz itzuliko diren bisitak, Cádizeraino hainbat probintzia baitaude, eta denek gainditu beharko dituzte fase guztiak, senideak bertatik pasa daitezen.

Bisiten ordez, etxealdian oso ohikoa izan den zerbait eman diete: lau dei gehiago eta bideo-deiak (kartzela batzuetan). 40 minutuko bisita edo 2-3 orduko bisabisaren ordez, 10 minutuko bideo-deia. Baina ez dira bideo -poteo, -batzar, -eskolak… 10 minutuko dei iheskorrak baizik. Hiru senideko etxean hiruna minutu, zailtasun teknikorik ez bada.

Argi dago bideo-deiak ez direla nahikoa, baina ezin dira alarma egoerara mugatu. Euskara ikasteko ere, adibidez, funtsezko baliabidea litzateke, eta berdin Moodle plataforma bidez ikasteko aukera ere. Etxealdian probatuta, badakigu ez direla oso tresna arriskutsuak.

Komunikabideetan etxealdiaz eta deseskalatzeaz ari dira etengabe, baina, itxialdiaz zer? Neurrien zerrendetan ez dira ageri, eta premia dugu; berotzen hasi da Espainia sakonean, eta ziegetan neguko arropak dauzkate.

Preso gehienek 5. fasean beharko lukete, kalean, edo etxealdian gehienez ere. Deseskaladan ez, jada rapelatzen egon beharko ginateke.