Harropuzkeriaren biktimak

Ez genuen uste horrelako zerbait ezagutuko genuenik, inoiz ez gaituztelako prestatu kinka larrian bizitzeko; mendebaldar harropuzkerian hezitu gaituzte. Munduan herrialde eta pertsona gehien azpiratu dituztenek, baliabide gehien ostu eta xahutu dituztenek, gehien kutsatu eta giza eskubideak nahieran urratu dituztenek esana ziguten munduko eskualde garatuena ginela. Osasun sistemetan, askatasun zibiletan eta demokrazian txapeldunak omen ginen. Hain gara zibilizatuak sinetsarazi nahi digutela munduan zehar lezioak eman ditzakegula harrokeriaz beteriko hitzekin, gure interesak bultzatzen dituzten Gobernuz Kanpoko Erakundeekin, milioika pertsona pobreziara kondenatzen dituzten zigor ekonomikoekin edo bonbardaketa eta gerra humanitarioekin (sic).

Ez da harritzekoa Txinan Covid-19 agertu bezain laster, mundu libretik mespretxuz seinalatu izana baldintza higienikoen falta edota osasun-sistema kaskarra arazoaren iturburu bezala. Txinatarrak desastrea omen ziren, hamarnaka milaka gaixotu eta 3.000 hildako inguru zeuzkatelako. Mendebaldeko hedabideek kritika sentsazionalistak egiten zituzten bitartean, Txinak hasierako anabasa zuzendu eta konfinamendu neurri gogorrak hartu zituen. Segidan harroputzen kritika zaparrada berria etorri zen: horrelako neurriak diktadura batek soilik hartu ditzake edota ekialdeko kultura hauek ez dute askatasuna maite, otzanak dira.

Azkenean birusa mundu librera iritsi zen orain konfinamendu neurri demokratiko eta zibilizatuekin antza. Herrialde kaltetuenek EBari eta NATOri laguntza eskatzen zioten unean, zibilizatuetan zibilizatuenek beraien bertsiorik berekoiena atera zuten paseatzera beste behin. Italiara eta beste herrialde batzuetara lehenengo laguntzak Txinatik, Errusiatik eta Kubatik iritsi ziren.
Hegemonia aldaketek une fundatzaile biolento bat behar izaten dute, baina oraingoan mugarri historikoa birus bat izango da. Covid-19aren krisiak Txinaren hegemonia hasiera unea markatu dezake. Nazioarteko edozein katastrofe gertatzen zenean munduko laguntzaren ardatza eta bektorea AEBak ziren, dena pasatzen zen New Yorketik. Oraingoan laguntza Txinatik dator nagusiki, munduko zentroa Beijing da.

Baina, Mendebaldeko hedabide eta politikari askok jasoriko laguntza eskertzeko modu oso arraroa izan dute ez zibilizatuez gaizki esaka arituz, fake news-ak zabalduz eta ustez dituzten ezkutuko xedeez arituz. Horrela balitz ere, aliatuen interesak non zeuden? Mendebaldeak eman duen laguntza apurra bere bazkideekin egin du nagusiki eta modu erreaktiboan Txina, Errusia eta Kuba prestigiotu direlako.

Nahiz eta Txina lehen potentzia bilakatu, AEBek botere handia dute oraindik, horregatik, duda asko daude ikuskera geopolitikotik etorkizuneko agertokia aurreikusteko. Zer izango dugu, nazioarteko anabasa handiagoa edo multilateralismoa indartuko da? Garbi dagoena da globalizazio neoliberal finantzarioa ahulduta aterako dela, interes eta perspektiba nazionalen mesedetan.

Txinak Mundu librea baino erantzun azkarragoa eta eraginkorragoa eman du. Mendebaldearen harropuzkeriaren biktimak dira gure hildakoak, osasun sistema estresatuak, langabetuak eta krisi honek pobretuko dituen guztiak. Tan Liu-k Twitterren idatzi du: “Bitxia da nola ekonomia kolapsatzear dagoen jendeak behar duena bakarrik erosten duelako”. Saiatu gaitezen krisia aukera bilakatzen gauzak errotik aldatu eta benetan inportantea den horretaz arduratzeko: bizitza duinak izateaz naturarekin bat. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude