argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Printzesa hiria
Aritz Galarraga 2020ko martxoaren 10

Marina Garcesekin behin bakarrik egon naiz. Egon, diot, ze ikusi, gurutzatu, are agurtu, egon ginen aldi hartatik, maiz xamar egin izan dut, ia bizilagunak baikara, edo baikinen, jada ezin jakin. Interbiu bat egitea onartu zidan, zer eta, beste pertsona bat nintzela uste izan zuelako, AS hain zuzen, nire lagun minenetako baten neska-laguna, era berean Garcesen lagun baten laguna dena. Nahasmendua probestu genuen halere, azkar ibili ginen; ez da beti gertatzen. Antisistema gisa etiketatu duten filosofoak kokakola bat hartu zuen orduko hartan. Nik Vichy.

Bartzelonan bizi –oroi, bizilagunak ginen ia, edo gara, ezin jakin jada–, Zaragozako unibertsitatean egiten zuen lan garai hartan, egin zuen urte luzetan. Hor ez nintzen hain azkar ibili, ez nion galdetu etengabeko joan-etorri horiez, eskerrak aipatzen dituen Ciutat Princesa liburuan –biografia politiko moduko bat, bizitza baten gertakizunen zerrendatze hutsetik askoz harago doana; adibidez ez du esaten aitak Bartzelonako kanodromora eramaten zituela–. Aipatzen du ahizparen kasua, zeina urtez luzez bizi izan den Holandan. Eta konparatzen berearekin, etengabeko sartu-irtenean: “Badira hobeto itzultzea helburu duten joateko manerak; eta sekula bertan erabat egon gabe geratzekoak, nik denbora askoan egin bezala”. Ihes egitea erraza baita. Erronka litzateke nola itzuli amore eman gabe.

Izan ere, zer da hiri bat? Garcesen hitzetan, heldu, iritsi, arribatzen direnen lekua da hiria, ezezagunen artean bizitza berriz hasteko. Gustuko dut hiri suerte hori, gustuko dut Garces eta konpainiak hiria pentsatzeko duten modu hori, berradiskidetzen naute hamalau urte luzez –eta ze luze batzuetan, oh mama– abaro izan dudan hiriarekin. Gogoan dut garai batean liburu bat oparitzen nuela, Odio Barcelona. Gaur egunean ez harritu Ciutat Princesa-ren ale batekin ikusten banauzue.