argia.eus
INPRIMATU
Gaixoak, gu
Koldo Aldalur Hirigoien 2020ko martxoaren 03a

Eguna zabaldu baino lehen utzi dut oheko epela, eta etxetik bertan dagoen bidegorrira abiatu naiz argia noiz eta nondik azalduko ote den neure buruari galdezka.

Urrutira itzal bat korrika txikian datorrela iruditu zait. Gerturatzean, motots dantzaria salatari, konturatu naiz neska bat dela. Ikusi nauenean pausoa mantsotu du, mobila patrikatik atera, eta norbaitekin berriketan ari den plantak egin ditu. Ia nire parera iritsi denean “bidegorrian nabil, Okerkua baserriaren parean”, bota du ozen, eta segidan, pausoa nabarmen bizkortu. Atzera utzi nauenean lasaitu ederra hartu duela uste dut.

 “Gizarte hau gaixorik dago kirolik ere lasai egin ezin badute”, pentsatu dut.

Agian, pentsatzen ariko zarete emakumeentzat hain ohikoak diren egoerak oraindik norbait harritzea oso seinale txarra dela. Agian, bai.

“Gizarte hau gaixorik dago”. Gu geu ez bagina bezala gizarte harremanak sortzen eta mantentzen ditugunok; inposaturik eman zaigun zerbait balitz bezala, gutaz haragokoa; gizartea gaixorik egoteko guk ezer egin ez dugulakoan.

Hogeita bost urte luze egin ditut, ofizioa eta afizioa uztartuz, kirol kontuetan murgilduta. Zenbat aldiz entzun dut –bake santuak gehiago balio duelakoan, nire partetik erantzunik izan gabe– emakumeen aurkako komentario iraingarririk? Zenbat aldiz aritu naiz tenore ederrean emakumeen kirol maila gutxietsi duten antolatzaileekin solasaldian? Aipatu al diet inoiz nire desadostasuna emakumeak baztertzen dituztelako tradizio eta ohitura aldaezinen babesean? Sarri isiltasuna konplizeagoa da hitz gogorrena baino gizarte gaixoak osatzean.

Noiz aipatu ote dut jende aurrean bi generoz hitz egitea errealitatearen parte handi bat baztertzea dela? “Generoa” kontzeptuak multzokatu egiten gaituela, lotu eta mugatu, eta, agian, norbaitek ez duela gizarteak ezarritako puzzlearen pieza soila izan nahi.
Gizonezkoen kirolak ikusi ditut, gizonezkoenak soilik, hiztegi eta arau maskulinoak dituztenak; ez kirol lagun, ez aurkari, emakumeak ondoan nahi ez dituzten ustezko kirolari eta jarraitzaileak. Eta ondoan nahi ez dituenak, sarri, aurrean izaten ditu baztertu nahi izan dituen haiek.

Bidegorrian, telefonoz hitz egiteko itxura egin zuen korrikalariak hau irakurri badu, seguruenik pentsatuko du: emakumeok kirolean ere ditugun beldurrez aritu behar, eta protagonista, orain ere, bere burua jarri du. Gizonezkoek erremediorik ez dute!