argia.eus
INPRIMATU
2 urte, 4 hilabete eta egun bat
Iván Giménez @IvnGimnez 2020ko otsailaren 16a

Pasa den astean, Iruñeko Intsumisioa parketik igarotzen ginela, semeek galdetu zidaten ea zer den hori: Intsumi... zer? 11 eta 9 urte dituztela kontuan hartuta, galdera logikoa da, baina hori bai, nire lehen erantzunaren ondorengo aurpegiak harritzekoak izan ziren: “Ez dugu sinesten, txantxetan zabiltza, aita. Nola izan zitekeen zure etxetik behartuta eramatea derrigorrezko soldaduska egitera?”. Orain dela 20 urte normaltzat hartzen genuena, gaur egun sinestezina bihurtu da. Pezetak ere ez dituzte ezagutu, baina euroaren aurreko txanpona zer zen ulertzen dute, inolako arazorik gabe. Alabaina, derrigorrezko soldaduska… Hori ez, “ezinezkoa da, aita”.

Ezagutzen dituzten hainbat izen aipatu nizkien eta aho bete hortz geratu ziren. “Horiek intsumisoak ziren? Eta espetxeratu zituzten horregatik? Ez dute ematen, oso normalak dira”. Agian, umeek nahi gabe botatzen dituzten erantzunek gure gogoeta sakonek baino askoz hobeto azaltzen dituzte munduko aldaketen gakoak. Bai, “normalak” ziren, ez ziren heroiak, baina euren gaztetasuna arriskuan jarri zuten, beste guztiok –gure semeak eta bilobak barne– derrigorrezko soldaduska ez pairatzeko. “Ezkerrekoak ginen, abertzaleak baina ez ETAren aldekoak. Oso politizatuta geunden –gogoratzen du Juan Kruz Lakastak– eta gure erradikaltasunak helburu bat behar zuen. Intsumisioa topatu genuen; gure hautaketa eginda zegoen”.

Esaldi hau eta pasadizo zein bizipen asko agertzen dira udaberrian estreinatuko den 2 urte, 4 hilabete eta egun bat izeneko dokumentalean, Lander Garrok zuzendurikoa. “Oso dokumental intsumisoa da, solemnitaterik gabekoa. Beraz, tonua aurkitzeko euren etxera jo dut, Sanferminetan grabatu dut…”. Gazte “normal” batzuen istorioa da, kuadrilla berekoak, 1989an Iruñeko Gobernu Militarraren aurrean hasi zena: “Soldaduskara joateko jaso genuen gutuna ekitaldi publiko batean apurtzea deliberatu genuen, eta 12 urte geroago soldaduska desagertu zen”, laburbiltzen du Lakastak. Baina esaldi horiek ez dira nahikoak, hori gehiegi laburtzea da, eta agian horregatik dokumentala ikusteko beharrean gaude denok. Intsumiso askok 2 urte, 4 hilabete eta egun bat espetxean eman zuten, horietako batzuk bidean geratu ziren, baina lortu zuten garaipena ez zuten orduan behar bezala ospatu. “Agian, euskaldunok galtzeko ohitura daukagulako”, aitortzen du Gaizka Arangurenek, garaiko beste intsumiso bat eta dokumentalaren protagonistetakoa. “Garaipenak, partzialak badira ere, ospatu behar dira”.

Hala bedi, 20 urte beranduago bada ere.