Ezaguna da ETB1ek apustu berritzaileen alde egiteko duen joera, horri esker da hain originala eta beste kateetan ikusten denaren hain desberdina euskarazko kanal publikoko programazioa. Baina haren arduradunek, hain berezkoa duten inkonformismoak gidatuta, urrats bat harago egitea erabaki dute. Iragarri dutenez, Onintza Enbeita agertzen ez den programa bat egingo dute. “Badakigu kritikak jasoko ditugula, jauzi mortal hirukoitza egitearen antzekoa da, baina arriskatzen ez denak zorionik ez du ofizio honetan”, adierazi du Josu Koldobika Zuritegi programazio arduradunak. Dena den, Enbeita gabeko programak eragingo duen shocka konpentsatzeko, ETB1eko saio izarrean presentzia handiagoa izango du bertsolari eta barietateetako artista bizkaitarrak: dagoeneko egin ditu lehen entseguak larunbatetan rantxerak kantatzen dituen taldearekin.