Akna neskato inuit gaztea dugu istorio honen protagonista eta narratzailea. Berak kontatuko digu nola bizi diren, zer egiten duten… eta bizi duten abentura bat, edo gertakari bat. Irudiz josita eta testu gutxiko liburu honetan Akna bere burua aurkezten hasten da: “Kaixo! Akna dut izena, eta gure zuloan arrantza egitea izugarri gogoko dut”. Eta irakurle-ikuslea (liburuko irudi guztietan bezala) bi orriak betetzen dituen irudiarekin aurkitzen da, bertan neskato bat izotz gainean etzanda, bertan eginiko zulo batean soka sarturik, eta izotzaren azpitik hainbat animalia uretan.
Irudi erabat errealistak direla ematen du, liburuaren azalean ikus daitekeen bezala, eta horrela, irakurleak berehala jasotzen ditu testuaren eta irudiaren mezuak. “Tulok eta Amaruk-ekin joan ohi naiz. Inuitak gara eta izotzez eta elurrez estalitako irla handi batean bizi gara, itsasotik hurbil. Munduko lekurik ederrena da”. diosku jarraian Aknak, eta hiru lagunak, izotz gainean etzanda (gu belar gainean egongo ginatekeen bezala) ageri zaizkigu.
Akna. Lurralde izoztuko arrantzaleak liburuan inuiten bizitza kontatzen zaigu, nola jolasten duten, gauean kontatzen dituzten istorioak, itsasora ateratzen direnenean egiten dutena… mundu idilikoa dirudi harik eta Aknak, amarekin txalupa batean doala, “piztitzar batekin” topo egin arte. Piztitzar hura itsasontzi ikaragarri handia da eta ez dago bakarrik, asko dira eta; gainera, itsasontzi handi horietan dabiltzan marinel txapeldunek itsasoko ura gorriz margotzen dute, hildako baleen odolez margotu hain zuzen.
Aknak eta gainerako inuitek harrituta ikusten dute marinelek eginiko triskantza eta orain ulertzen dute zergatik ez diren itzultzen baleak. Marinelek, baina, Ama Lurraren ordaina jasoko dute, eta Aknak eta bere lagunek baleen itzulera espero eta desio dute.
Ukitu ekologista eta goxoa duen obra da Peio Lopez-Iturrik eta Irati Merino Petralandak eskainitakoa; erraz irakurtzen dena eta, gure arbasoei kritika eginda, naturaren aldeko mezua bidaltzen duena. Liburuaren kontrazalean ageri den bezala: “Guk ingurunea zaintzen dugun eran zainduko gaituelako Ama Lurrak”.