Fidela
Jakingo bazenu... jakingo bazenu zuretzat hain arrunta zen hura, hain etxekoa… zein garrantzitsu bilakatu den! Erronkariko uskararen erreferente-harribitxia zara!
Zenbat elkarrizketa, zenbat galdera: “Nola esaten zaio honi? Eta besteari?”. Eta zuk ongi esaten zenuen, bai: “Hauek harrapatu nahi naute, nola ez dut ba jakinen nola esaten zaion honi! Haiek esaten dutenaren berdina da-eta!”.
Zu agian ez zinen konturatzen, baina altxorra eraman zenuen zurekin eta horrek altxor bilakatu zaitu zu ere, Fidela Bernat, erronkarieraren azken hiztuna.
“Zergatik ez zenigun transmititu? Zergatik ez genuen jaso?” galdetu diogu maiz gure buruari. Jakin dugu, bai, azken urteetan argi esan zenuela zure ondorengoek euskara jakin behar zutela, euskara(z) bizitu behar zutela. Eta hala izan da! Zure indarrarengatik, uskararekiko erakutsitako maitasunagatik, gogoagatik... Azkenik euskara heldu da zure familiara, Uztarrozeko eta Erronkaribarko kaleetara.
Bihotzean zeneraman Erronkaribarra, bere lurrak, bere ohiturak, bere hotsak, hizkuntza... Harrotasunez, azken momentua arte. Orain Erronkaribarko euskaldunak dira bihotzean, harrotasunez, oroimenean gorde zaituztenak.
Eta horregatik zure indarrak oraindik dirau, hemengo larre eta herrietan.
Izan zinetelako gara!
Mila esker guztioi!
Jone