argia.eus
INPRIMATU
Sugearekin dantzan
Joxi Ubeda Goikoetxea 2019ko azaroaren 19a
Krisanteilu | Serpiente | Humo Internacional, 2019

Serpiente taldearen kantek sorgindu egiten dute, liluratu, harrapatu, suge baten mugimenduen gisara. Doinu misteriotsuak dira, goibelak, lanbrotsuak, iradokitzaileak eta dantzagarriak, era berean. Beste egoera edo mundu batera eramaten dute entzulea, trantze moduko batera, bidaia berezi batean. Sentsazioak dira, erabat zehaztu gabeak: “Eguna hastean ez dago soinurik, ixo, ixo; gaur jaikitzean ez zegoen hor, inor, inor; zabalik, zabalik ateak nire zai, nire zai, daude”, diote Ixo kantan.

Kanten egiturak sinpleak dira, eta azpimarragarriak bateriaren erritmo errepikakorrak, baxu indartsua, sintetizadoreen soinuak eta ahotsen harmoniak, xuxurlak eta oihuak. Kanta laburrak dira eta disko osoa berehala eta atsegin handiz entzuten da. Izan ere, bederatzi kanta dira eta hogeita bi minutu guztira.

Ana Arsuaga (ahotsa eta teklatuak), Beatriz Perales (baxua) eta Elena Nuñez (bateria) musikari bilbotarrek 2015ean sortu zuten Serpiente taldea, eta handik bi urtera grabatu zuten lehen lana, bost kantako EP edo iraupen laburreko disko bat. Lan horren jarraipen ederra da Krisanteilu disko berria. Beren doinua findu, osatu eta sendotu egin dute, eta horretarako garrantzitsua izan da Urtzi Izaren eta Hans Krugerren lana. Haiek arduratu dira grabazioaz, nahasketez eta masterizazioaz: Serpiente taldearen soinuari kolore biziagoa eta indar handiagoa eman diote.

70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako post-punk eta dark-wave kutsuko doinuak jotzen dituzte, beren erara, beren nortasunarekin eta jarrerarekin, bizitasunarekin eta ausardiarekin, aipatu estiloen mugak gainditzeko asmoarekin. Euskal-wave/suge-synth gisa definitu zuten beren musika lehen grabazioa kaleratu zutenean, eta haien asmoa esperimentatzea dela nabarmendu dute: “Guretzat esploratu gabeak diren eremuetara iristeko saiatzen gara konposatzen, kanten tonuen eta egituren esperimentazioaren bidez, doinuok osatzen dituzten elementu eskasetatik abiatuta betiere: bateria, baxua, teklatua eta ahotsa”. Modu horretan, baliabide handirik izan gabe ere, gauza berriak probatzen ahalegintzen dira, eta bistan da ederki pasatzen dutela.