argia.eus
INPRIMATU
Koherentzia zenbakitzen
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2019ko azaroaren 19a

Barne Produktu Gordina izan da historikoki lurralde jakin baten garapena neurtzeko adierazle nagusia. BPGak, edo herrialde bateko ekoizpenak, lurralde baten ongizatea azaldu nahi izan du hainbatetan. Jakina da, ordea, adierazle horrek ahulguneak izan badituela. Aldizkari honetan argitaratutako Gini indizearen zuloa artikuluak, adibidez, modu argian azaltzen zuen BPGak lurralde bateko aberastasunaren banaketan izan daitezkeen desberdintasunak azaltzeko duen ezintasuna. Honetaz gain, adierazle horrek ez du ekoizten diren ondasun edo zerbitzu horien artean desberdintasunik egiten. Hots, kontabilizatu daitekeen ekoizpen oro hartzen du kontuan, izan bizirauteko behar ditugun jakiak, izan milaka kilometrora erabiliko diren armen ekoizpena.

Zurrunbilo handia
sortu da Saudi Arabiari saldutako gerraontzi
eta armen kontura;
Yemengo irudiak ikusita, arma horiek segurtasuna bermatzeko baino,
sarraskia eragiteko balio
izan dutela agerikoa da 

Azken urteotan zurrunbilo handia sortu da Saudi Arabiari saldutako gerraontzi eta armen kontura; Yemengo irudiak ikusita, arma horiek segurtasuna bermatzeko baino, sarraskia eragiteko balio izan dutela agerikoa da. Gai horrek, dudarik gabe, administrazio publikoan eragina du, interes ekonomikoak eta giza eskubideak bermatzearen artean talka sortu duelako, eta politika desberdinen arteko inkoherentzia agerian geratu delako. Honen harira: Garapenerako Politiken Koherentzia kontzeptuak indarra hartu du azken bi hamarkada hauetan. Garapenerako Lankidetzaren alorretik etorritako eskaera izan da. Nolabait, hainbat administrazio mailatatik hirugarren herrialdeetan (hegoaldeko lurraldeetan gehienbat) sustatzen diren proiektuetan pobreziari aurre egitera edota bakea sustatzera funtsak bideratu badira, administrazio berberetatik kontrako eragina izan dezaketen jarduerak identifikatu eta bistaratu nahi izan dira lankidetzatik.

Ikergai garrantzitsua da Garapenerako Politiken Koherentzia. Molde askotarikoak izan dira berau sustatzeko ekimenak. Horietako bat da GPKI edo Garapenerako Politiken Koherentziaren Indizea (www.icpd.info), herrialdeak koherentzia mailaren arabera ebaluatzeko saiakera. Ikuspegi ekonomikoaz gain, soziala, ingurugiroari loturikoa, ikuspegi globala eta ekoizpen alorra barneratzen ditu. Herrialde baten garapena neurtzeko erabil daitekeen tresna horrek negatiboki baloratzen diren aldagaiak barneratzen ditu (gastu militarra, aztarna ekologikoa edota sekretu finantzarioaren tasa, besteak beste), eta hori izan daiteke ziurrenik bere ekarpen nagusia. 2016tik argitaratu diren bi txostenek BPGak bistaratzen ez dituen elementuak mahaigaineratu dituzte. Ingurumenaren ikuspegia aztertuz adibidez, lehen 45 postuetan ez da europar lurralderik ageri.

Orduak pasa daitezke GPKI adierazleak planteatzen dituen berrikuntzen saltsan, baina ezin da ahaztu lurralde baten ongizatea zenbakitan neurtzeak beti izango duela kritikarako gaia, zenbakitu ezin diren faktoreak askotarikoak baitira. Politiken arteko koherentzia neurtzeak, interes ekononomiko eta finantzarioak aldatzeko dagoen erresistentzia bistaratzen duela deritzot, eta zentzu horretan BPG ere ezegonkorra dela gogorarazteko baliagarria dela uste dut. Ezin da ahaztu, datuz bete gaituzten –iragan berri den– kanpaina politiko honetan, emandako datu bakoitzaren atzean interes jakin bat egon dela, eta erabilitako adierazle bakoitzak errealitatearen egia partziala eman digula. Egiatan, edozer izanik ere frogatu nahi dena, dudarik ez dut, adierazle egokia aurki daitekeela, beti.