argia.eus
INPRIMATU
Emakume futbolariek ere eskubideak dituzte
Juan Mari Arregi 2019ko azaroaren 20a

Desberdintasuna, diskriminazioa, prekarietatea eta injustizia erabat txertaturik daude emakumeen egunerokoan. Orain futbolaren arloan azalerazi zaigu ezkutuko mundu hori.

Iberdrola Ligan jokatzen duten Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko futbolariek greba egin dute asteburuan. Gizonezko futbolariekiko soldata berdintasunaz gain, jokalariek eskatzen dute profesional gisa aitortuak izan daitezela, hitzarmen kolektibo bat edukitzea eta euren lan eskubideak errespetatuak izatea. Egun erdiko jardunagatik 12.000 euroko gutxieneko soldata nahi dute, baina patronala (klubak) soilik 8.000 euro bermatzeko prest dago. Gogoan izan behar da jokalari gehienak 24 orduz direla jokalari, futbola baita euren benetako lanbidea.

Aitortu eta txalotu egin behar da futbolari emakumeen erabakia, legitimitate osoz jo dute grebara, euren egoera guztiz injustua delako: baztertuta eta prekarioan lanean. Kirolaren munduan gutxitan egin izan da grebarik, eta emakumeek egindako hau seguruenik lehena izan da modu orokorrean egin dena.

Amatasunagatik eta lesioek eragindako ezintasunagatik laguntzak eskatzen dituzte, eta lanuzte hau beste pauso bat da emakumeek euren eskubideak lortzeko bidean. Patriarkatuaren hidraren kontrako borroka luze horretan (zapalkuntza, esplotazioa, menperatzea eta kolonizazioa) emakume askok euren bizitza ere eman izan dute. Haien borrokaren berri dugu gutxienez XIV. edo XV. mendetik, baina zigarrerak, pospologileak, eta ehungintzako langileak izan ziren, Euskal Herrian, Katalunian eta Andaluzian lehen greba feministak egin zituztenak eta ondorengoei bidea erakutsi zietenak.