Iametza, hiruak bat: Komunikazioa, diseinua eta garapen teknologikoa

argia
0

[Miren Osa Galdona] 2007an hezur-mamitu eta 2008an eratu zen ofizialki Iametza. “Ametzagaiña taldeko ARGIA, Antza eta Adurrek indarrak batuz askoz aukera gehiago genituela pentsatu genuen”. Eli Pomboren hitzak dira. 2009ko irailaz geroztik bera da Iametzako kudeatzailea eta lehen pertsonan bizi izan du enpresaren bilakaera.

ARGIAk komunikazioan, Antzak diseinuan eta Adurrek garapen teknologikoan urte luzeetako esperientzia zutenez, pentsatu zuten hiru enpresa hauen artean Iametza sortuz gero, bezeroei zerbitzu osoa eta espezializatua emateko aukera izango zuela Iametzak.

Bezeroen beharretara egokitzeko gaitasuna

Teknologian, komunikazioan eta diseinu lanetan zentratzen da enpresaren jarduna. Hamabi lagunek osatzen dute lantaldea, esperientzia eta freskotasunaren arteko koktela osatuz: hastapeneko taldetik gutxi batzuek baino ez dute jarraitzen bertan, eta azken urteetan jende gaztea sartu da, ideia berriak txertatuz.

Lehen urteetan hiru ildo nagusitan zentratu zen Iametzaren jarduna: udalentzat egindako euskarari buruzko atariak, tokian tokiko toponimoa ardatz zuten webguneak eta Herria Ezagutzen, irakaskuntzara bideratutako proiektu hezitzailea. Dezente aldatu dira bezeroen beharrak ordutik, besteak beste, IKT teknologiak eta komunikazio tresnak asko demokratizatu baitira azken urteetan.

Egun bestelako lan ildoetan jartzen dituzte gogoak, hasierako balio eta indar berekin: burujabetza teknologikoa, hizkuntza teknologiak, datu base dokumentalak garatzea eta neurrira egindako komunikazio zerbitzuak dira ardatzik nabarmenenak, baina Iametzaren ezaugarri nagusia edozeinen beharretara egokitzeko gaitasuna da: euskararen arnasguneak prestigiatzeko sortutako Arnasa Gara komunikazio planetik hasi eta ARGIAren webgunea garatu eta sostengu teknikoa emateraino.

Azken asteotan iametza.eus webgunea berritu du, baita enpresaren irudia eta leloa ere. Deskolonizatu nahi badugu, arlo guztietan burujabe izan behar garela argi izan behar dugu. Iametza bide horretan doa: loturak sortuz, sareak eraikiz eta, batez ere, behar berrietara egokituz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA