ENEKO GORRI | Mintzalasai elkarteko kidea

Mintzalasai festibalaren 8. edizioa prestatzeko 90 laguntzailek lan egin dute irailaren asteburuetan.

Mintzalasai festibalaren 8. edizioa prestatzeko 90 laguntzailek lan egin dute irailaren asteburuetan. Astelehenetik ostiralera 500 lagunek parte hartu dute euskarazko aktibitateetan, euskaraz bizi nahi duen jendea badela frogatuz. Bizki pozik gaude erantzunarekin. Aurtengo ekimena baikorra izan da. Euskararen aldeko nahikaria eta atxikimendua badela erakutsi digu.  
Mintzalasai-ren hiru ezaugarri azpimarratu nahi nituzke:

Urbanoa edo hirikoa. BAB  hiri-eremuan (Baiona-Angelu-Biarritz) kokatua izan baita, Euskararen etorkizuna bertan jokatzen da neurria handi batean eta erdaldun gune horiek jostaleku estrategiko bihurtu nahi ditugu.
    
Hibridoa. Ekimenak administrazioaren baliabideak eta elkartegintzaren ausardia uztartuz funtzionatzen du, mugimendu euskaltzalea berrasmatuz eta lankidetza sinergiak azkartuz.
    
Hiperaktiboa. Iraileko festibalaz gain, beste ekimen asko antolatu dugu: Mintzalasai ikastetxeetan sartze garaian eskoletako haurrei euskaran birmurgiltzeko aukerak eskaintzeko eta Mintzalasai euskaltegietan ekainean, ikasturte bukaeran euskara ikasten duten 550 helduei momentu pribilegiatuak eskaintzeko. Testuingurua zein den ez dugu ahanzten: hiru hiri hauetan, haurren %80ak ez du euskara ikasten ez etxean ez eta eskolan. Gure aldetik, molde xume eta konkretuan ekintzak obratzen segitzen dugu.

Euskara Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargoa sortu ondoren mahai-inguruan Euskalgintza zaharra eta berria aipatu da. Beti izan da dikotomia markatzeko joera bat: euskalgintza instituzionala versus euskalgintza soziala, zaharra versus berria, sektoriala versus integrala… Mintzalasai ekimenaren sustatzaileoi Euskal Herrian zerbaiten atarian gaudela iruditzen zaigu, zerbait berria sortzen ari dela.

Etorkizuneko hizkuntza politika publikoak gure mobilizazioaren araberakoak izan dira. Eskaera
eta presio soziala giltza dira

Nik uste, 60-70eko hamarkadetan aritu zirenen eta gaur egun ari garenon artean lotura eta segida dagoela. Besteak beste, gau-eskolen, ikastolen eta hedabideen –euskal irratiak eta abar– lanaren poderioz heldu gara 2010eko hamarkada honetara, eta zinez, denbora biziki laburrean sekulako aitzinamenduak izan dira euskararen alorrean. Eta, beharbada, hor dago beste dikotomia bat: aldaketa hauen lekuko izan den aitzindarien belaunaldia alde batetik, luzaz haizeak kontra borrokatu dena eta beste aldetik oinordekoen belaunaldi gazteagoa, euskara naturalago bizi duena, lorpen soziala ez balitz bezala. Ikastolak etxeko garajetik prefabrikatuetara pasa dira eta ondotik hormigoizko paretetatik azken teknologietako eraikinetara. Euskararen aldeko manifak gas negargarriekin bukatzen ziren duela 30 urte; gaur egun senatari frantsesen diskurtsoekin…  

Bistan da, euskalgintzan ari garenok uste dugu hala ere, euskarak ez duela behar duen ahalmen guztia. Erraten da egungo gazteek ez dutela aurreko belaunaldiek zuten jite bera, alta, egungo gazte-gazteak, azken belaunaldiak, ez dira ahulagoak horregatik: gaztetxeak, musika festibalak, bertso saioak, libertimenduak, kabalkadak… horren lekuko dira. Ez dugu ezkor izan behar. Nire garaian, ezkerreko mugimendu iraultzailean hizkuntza nagusia frantsesa zen, eta gaur egun gazteak beren eguneroko bizimodua euskaraz egiten dute molde aski naturalean. Oinordeko azken belaunaldia inspirazio iturria da: desobedientzia eta euskararen aldeko errebeldia lantzen ditu. Nik biziki interesgarria hatzematen dut. Egunero, karrikatik etxera sartzean baikor izan nahi dut, ekintzaile izateko gauzak aldatzeko gaitasuna dugula sinetsi behar dugulako.

Azkenik, hauxe gehitu nahi dut: etorkizuneko hizkuntza politika publikoak gure mobilizazioaren araberakoak izan dira. Eskaera eta presio soziala giltza dira. 


ASTEKARIA
2019ko urriaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


Eguneraketa berriak daude