argia.eus
INPRIMATU
(Des)eraikiz
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2019ko urriaren 08a

Duela hilabete bat baieztapen kategoriko hau entzun nuen irratian: “Egungo ikasleak ez daude errealitateko arazoekin konprometituta, ez dute gogorik erosotasunaren paradisutik irteteko”. Honelakoak entzuterakoan –hezkuntza komunitatean oso ohikoak dira– neure buruari galdetzen diot konpromiso falta eta alferkeria ez ote diren belaunaldiz belaunaldi gazte izaerari egotzitako tituluak. Belaunaldi bakoitza erronka berriei aurre egiteko jaio omen da, eta, ezinbestean, testuinguru berriei egokitzea dagokigu. Esaterako, azken garaiotan agerian geratzen ari da egungo ekoizpen eta kontsumo ereduaren porrota, besteak beste gizartean desberdintasunak areagotzen dituelako, ingurumenaren zaintzarekin bat ez datorrelako edota klima aldaketa bizkortu duelako. Arazook askotariko ertzak dituzte eta konplexutasunek ezinbestean emergentzia horiei modu holistiko batean aurre egiteak suposatzen du. Errealitate hau, modu batera edo bestera, irakasteko metodologietan islatzea garrantzitsua da. Izan ere, gazteak iraganerako baino, etorkizunerako hezi behar baititugu.

Duela pare bat hilabete, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen baliokidea den Holandako Windesheim Honours College zentroak martxan duen programa baten berri izan nuen, Value Creator deiturikoa. Hamar urte daramatza martxan, eta graduko azken urteetako ikasleek errealitatean dauden arazo eta erronken inguruan hausnartu, irtenbideak proposatu eta horiek aurrera eramatea du helburu.

Unibertsitatetik planteatzen diren helburuak eta martxan jartzen diren ekimenak hainbatetan inkoherenteak direla deritzot. Ikasle konprometituak eta aktiboak izatearen garrantzia azpimarratu ohi da, baina...

Guri harrigarria iruditu arren, prozesuan zehar ez da irakasgairik zehazten, eta proiektuen kudeaketa aurrera eramateko U teoria-n oinarritutako metodologia propioa sortu dute. Hasteko, ardatz gisa duten teoria horrek dio, norberak arazoaren inguruan informatu, hausnartu eta gaiarekiko jarreraz jabetzea ezinbestekoa dela proiektuarekiko konpromisoa sendotzeko. Bigarrenik, bakoitzak aurkitu duen horren sozializazio prozesua etorriko litzateke, unibertsitateko kideekin ez ezik tokiko erakunde eta eragileekin saretzea. Eta azkenik, proiektua burutzea eta lortu nahi diren ekarpen positibo horiek lortu diren edo ez aztertzea du helburu. Dena dela, ziurrenik, ekimen horrek ikasleei egiten dien ekarpenik handiena hau da: ez dituztela jasangarritasunari buruz hezten, ingurumenarekiko jasangarriak izaten baizik.

Hasieran, hippy modura tratatu omen zituzten Windesheim zentroko sustatzaileak, baina hamabi ikaslerekin hasi zen programak egun 80 ikasle ditu. Inperfekzioan bizi garenez, zalantzarik ez dut programa horrek hobekuntza alorrak izango dituela, baina egunerokoan bizi dudan irakaskuntza sistemarekin alderatuz, oraindik ere zer hobetua badugula sentitzen dut. Unibertsitatetik planteatzen diren helburuak eta martxan jartzen diren ekimenak hainbatetan inkoherenteak direla deritzot. Ikasle konprometituak eta aktiboak izatearen garrantzia azpimarratu ohi da, baina zaila da hausnarketarako espazioak bermatzea edota gazteei jarraipen indibidualizatua egitea 100 lagun inguruko taldeak izanda, zaila da ikasketa zein irakasgai konpartimentalizatuak oinarri izanda erronka berriei ikuspuntu anitzetatik erantzuna ematea, eta zaila da hain modan dagoen jasangarritasuna txertatzea, horretarako baliabideak eta edukiak moldatu gabe.

Dena dela, eta sektore guztietan gertatzen den moduan, badira arnasguneak gurean ere, eta askotarikoak dira espazio txikietatik, modu indibidualean askotan, eraldaketarako giltzarri diren pertsonak. Konpromisoaren eredu dira, bai niretzat eta baita ikasleentzat ere ziurrenik.