argia.eus
INPRIMATU
Lurrarekin zikindu eta garbitu
Jakoba Errekondo 2019ko irailaren 21a
Lurrean dagoen

Estresatuta bizi naiz. Halaxe aditzera eman berri dit kardiologoak, kirofanoan etzanda nagoela zainetan barrena sartu eta bihotza miatzen didan bitartean. Ez da bertan etzaten naizen lehen aldia, eta etxean bezala nago. Kirofanoko lantaldearen adeitasunak ere berbaldiak gutxien uste duzun hizpidea hartzea errazten du. Halako ezagutzen al duzu? Bai; eskumuinak eman. Eta solasaren jardunak landareetara eraman gaitu.

Urte mordoxka bat bada, dagoeneko, bihotzeko arteria batean lehen metal zatitxoa jarri zidatela. Txertatu behar zidaten sarea erakutsiz haren izena esan zidan kirofanoan zirujauak: Taxus IV. Nik harrituta, Taxus hemengo zuhaitz mitikoa den haginaren (Taxus baccata) generoa dela adierazi nionean hara zer erantzun zidan: bai hagina esan nahi du, izan ere haginaren pozoiarekin blaituta dago metal puska hori, arteria irekita eutsi ahal izateko.

Azken etzanaldi honetan, mareatzen banintzen esateko hagindu zidan bisturidunak. Kordea joaten ari zitzaidala igarri zuenean “atropina” esan zion aldamenekoari. Laguntzaileak zasta sartu zidan odolera droga. Lasaitasun ederrean kordea laster etorri zen bueltan. Bukatu zuenean, eta estresaren kontuekin ari ginela gogora etorri zitzaidan atropina. Eta galdetu egin nion: zein landaretatik ateratakoa da erabiltzen duzuen atropina hori? Lehen landareetatik sortuko zela esan zidan, baina orain, bere iritziz laborategietan ekoitzia izango dela. Belaikia edo belladona (Atropa belladona), asma-belarra (Datura estramonium), urriloa edo mandragora (Mandragora officinarum) eta erabelar beltza (Hyoscyamus niger) izan dira aspalditik atropina eskuratzeko erabili izan diren landareak; denak solanazeoen familiakoak. Anestesiko, psikoaktibo, pozoi... zertarako ez da erabili izan alkaloide hori!

Etxeratutakoan estresaren kontuak itotzen nau. Irakurketari heldu diot, eta lehen utzitako testu batekin egin dut topo. Bertan estresa sendatzeko aholku garbi bat ematen du: hasi lurra lantzen. Lurrean dagoen bakterio batek osatuko zaitu: Mycobacterium vaccae. Itxuraz bakterioak eragin antiinflamatorioa du eta depresioak eta estresak dakartzaten ondorio okerrak zuzentzen ditu.

Lokatzetan jolastea, baratzea lantzea, loreak zaintzea, azken beltzean lurra ukitze hutsak osasuna dakar. David Strachanek 1989an “Higienearen hipotesia”n argitu zuen animaliak ziren landaguneetan bizi zirenek asma eta alergia arazo gutxiago zituztela. Hirigune ustez garbietan bizitzeak gaixotzen gaitu; aldiz, lurrez zikintzea, garbitzea da. Gaitza garbitzea, akabatzea.